Ekonomia -
Enplegu publikoa
10 urtetik gora behin-behinean dauden langile publikoek ez dute oposaketarik egin beharko postua eskuratzeko
Lege dekretuak oposaketa azterketa kanporatzailea ez izatea ere aurreikusten du, deialdia antolatzen duten autonomia erkidegoek hala erabakiz gero.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernua akordio batera iritsi da administrazio publikoan jarduten duten behin-behineko langileekin. Hitzarmen horren arabera, postu hori betetzeko deialdia inoiz egin ez bada eta, behin-behineko beharginek plaza horretan hamar urte baino gehiago badaramatzate, lanpostu hori oposaketa azterketarik egin gabe eskuratu ahal izango dute. Horren ordez merezimenduaren balorazio bat egitea nahikoa izango da.
Maria Jesus Montero Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak eman du akordioaren berri, Kongresuan enpegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriak defendatzean. Ogasun Ministerioak azken unera arte jarraitu behar izan du negoziaketekin akordioa aurrera ateratzeko nahikoa babes lortzeko, batez ere ERCren babesa.
Kataluniako errepublikanoek, Compromisek eta Terual Existe alderdiek alde bozkatzeko hartutako erabakia erabakigarria izango da. Bilduk, JuntsxCatek, Voxek eta PPk, beste batzuen artean, aurkako botoari eutsi diote Gobernuko kide batzuen artean oposizio handia eragin duen arau bat aurrera ateratzeko.
Azken unera arte negoziatzen jarraitzeak EAJ-PNVren, Mas Paisen eta Equo Berdeaken abstentzioa ere ekarri du. Ciudadanosek, bere aldetik, aurreratu du neurriaren aurka bozkatuko duela, akordioa adabaki bat dela eta ez dela negoziazio politikorik egon argudiatuta.
Lanpostuko esperientziaren balorazioak % 40ko pisua izatea aurreikusita zuen lege dekretuak. Orain, oposaketa azterketa ez da kanporatzailea izango, deialdia antolatzen duten autonomia-erkidegoek hala erabakitzen badute.
Egiturazko lanpostu batean hamarkada bat baino gehiago daramaten behin-betiko langileen kasuan, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 61.6 artikuluan aurreikusitako salbuespena aplikatuko zaiela azaldu du Monterok. Horri esker, karrerako funtzionarioak merezimenduak baloratzeko lehiaketa batekin baino ezin dira hautatu.