Ekonomia -
Lan-gatazka
Ertzaintza Tubacexeko langileen aurka oldartu da eta pertsona bat atxilotu du
Gainera, atxilotutako emakumeak fisura bat du agenteetako batek borrarekin emandako kolpeagatik. Hiru piketariren aurkako epaiketarengatik egin dute elkarretaratzea.
agentziak | eitb media
Ertzaintzak Tubacexeko langile bat atxilotu du Amurrion (Araba), auzitegiaren parean elkarretaratze batean parte hartzen ari zenean, eta karga polizialak hainbat zauritu utzi ditu protestarien artean, langileen ordezkariek jakinarazi dutenez.
Langile batzordeak deitutako protesta bat izan da, martxoaren 25ean Arabako udalerrian egindako protestetan pikete taldeetan parte hartzeagatik epaitzen ari diren hiru laguni elkartasuna adierazteko.
Efe albiste-agentziak Segurtasun Saileko iturriak aipatuta adierazi duenez, atxilotutako emakumeari agenteen aurkako atentatu delitua leporatzen diote.
Jonatan Garcia LABen ordezkariak salatu du Ertzaintzak jarrera "erasokorra" izan duela elkarretaratzean parte hartzen ari zirenekin, nahiz eta protesta ekitaldia egiteko baimen guztiak zituzten.
Elkarretaratzea baketsua izaten ari omen zen, baina agenteak borrarekin jotzen hasi eta zenbait langile zauritu dituzte, tartean atxilotua, "esku batean fisura bat" duena.
Tubacexeko langileek 127 egun daramate greba mugagabean, enpresak Laudioko eta Amurrioko 129 behargini eragiten dien Lan Erregulazio Txostena proposatu ostean. Maiatzaren 31n, langileek errefusatu egin zuten Zuzendaritzaren azken eskaintza, eta protestarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten.