Ekonomia -
Lan erregulazio espedientea
BBVAk 94 langile kaleratuko ditu Euskadin, eta 20 Nafarroan
LAB sindikatuak "eraso berri honi erantzuteko" deia egin die langileei.
eitb media
BBVAk sindikatuei aurkeztutako enplegu erregulazio espedienteak (EEE) EAEn 94 langile kaleratzea aurreikusten du; horietako 66, Bizkaian; 16, Gipuzkoan; eta 12, Araban. Gainera, Nafarroan beste 20 langile utziko dituzte kalean, LAB sindikatuak jakinarazi duenez.
Sindikatuaren aburuz, bankuak iragarritako Enplegu Erregulazioko Espedientea "onartezina" da, eta "eraso berri honi erantzuteko" deia egin die langileei.
LABek azaldu duenez, "onartezina da orain BBVAk, duela egun gutxi Caixabankek eta lehenago beste hainbat finantza-erakundek egin bezala, milaka lanpostu kendu nahi izatea, aberasten jarraitzen duten bitartean, milioika euroko irabaziak lortzen".
Sindikatuaren esanetan, azken hiru urteetan bankuak "11.000 milioitik gora" irabazi izana aitortu du, eta gehitu du EEEak kaleratzeak dakartzala langileentzat eta "eskandaluzko soldatak" zuzendaritzarentzat.
Gainera, LABek salatu duenez, digitalizazioa dela eta, "bezeroak behartu dituzte online bidea erabiltzera, sukurtsal ugari itxi eta banku-eragiketak egiteko kutxarik gabe utzi ondoren".
Bankuak sindikatuei azaldu dienez, 3.800 kaleratze egingo dituzte Estatu osoan, hau da, 23.300 langileen % 16,3. Gainera, 530 bulego itxiko dituzte, haien sarearen % 21,3.