Ekonomia -

Sestao

Naval ontziolaren likidazioak 100 eskaintza jaso ditu, horietako 11 sail nagusirako

Arantxa Tapiak "albiste ontzat" jo du jasotako eskaintza-kopuru altua, eta azpimarratu du "kantitateaz gain, kalitatea ere" behar dela.

Naval ontziola, Sestaon. Argazkia: EFE
Naval ontziola, Sestaon
La Naval erosteko eskaintzak aurkezteko epea amaitu da

1:5

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko Naval ontziola 20 sailetan banatu dute likidaziorako, eta gaur bertan bukatu da eskaintzak egiteko epea. Guztira, 100 eskaintza jaso dituzte, horietako 11 sail nagusirako, hots, lur-sailerako, makineriarako eta pabiloietarako.

Eusko Legebiltzarreko korridoreetan, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak esan du "izugarria" izan dela jasotako eskaintza-kopurua, eta zehaztu du, sail nagusirako aurkeztutako eskaintzen artean, gutxienez batek baduela ontzien eraikuntzan aritzeko asmoa.

Halaber, "albiste ontzat" jo du jasotako eskaintza-kopuru altua, eta azpimarratu du "kantitateaz gain, kalitatea ere" behar dela, alegia, "ondo prestatuta egotea eta industriarako sena edukitzea".

"Ezkerraldean industria-jarduera berpizteko aukera dago, eta, covid-19aren pandemiak krisi gogorra ekarri duen honetan, desagertuta zegoen arlo bati berriro ekiteko bidea ekar lezake horrek", baieztatu du.

Hemendik aurrera, lehiaketako administratzaileak aukera ezberdinak baloratuko ditu, eta esleipenerako proposamena egingo dio prozesu osoaz arduratu den Bilboko Merkataritza Arloko Epaitegiari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak La Naval Lan gatazkak