Ekonomia -
LANGABEZIA
EAEk % 11,2ko langabezia tasarekin itxi du 2020, 2019an baino ia 2 puntu gehiagorekin
2020ko laugarren hiruhilekoan, 116.900 langabe zeuden Euskadin, hau da, 15.100 gehiago.
N.B. | EITB MEDIA
Euskadik % 11,2ko langabezia tasarekin itxi du urtea, 2019ko azken lauhilekoan erregistratutako % 9,5eko tasarekin alderatuta, Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkestaren arabera.
Portzentaje hori 2020ko hirugarren hiruhilekoan baino 1,2 puntu handiagoa da, aldi horretan 0,8 puntu jaitsi baitzen aurreko hiru hilabeteen aldean.
Lan bila ari diren eta, gainera, lan egiteko prest dauden langabeen kopurua 116.900 izan zen Euskadin iazko laugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 15.100 gehiago.
Gizonezko langabeak 62.600 dira, 11.500 gehiago, eta emakumezko langabeak, berriz, 3.700 gehiago, laugarren hiruhilekoan 54.300 izatera iritsi arte. Gizonen langabezia tasa % 11,5ekoa da (1,9 puntu gehiago) eta emakumeena 0,4 puntu igo da, % 10,8ra arte.
Nazionalitateari dagokionez, espainiar nazionalitatea duten 11.700 pertsona gehiago daude langabezian, eta 87.900 dira guztira. Atzerriko nazionalitatea duten pertsonen artean, langabeziak gora egin du (3.500 gehiago), eta 29.000 langabe daude.
Lurraldez lurralde aztertuta, Gipuzkoan igo da gehien langabezia: 9.400 langabe gehiago daude, eta langabezia tasa 2,5 puntu igo da (% 9,4). Bizkaian, 68.300 langabe daude, eta langabezia tasa % 1,2 igo da, % 12,6ra arte. Araban, 1.900 langabe gutxiago daude, eta langabezia tasa % 10,1ekoa da, aurreko hiruhilekoan baino 1,6 puntu gutxiago.
Europar Batasuneko Estatistika Bulegoaren arabera, 2020ko azaroan Europar Batasuneko langabezia tasa % 7,5ekoa zen eta Espainiakoa % 16,4koa.
Biztanleria okupatua laugarren hiruhilekoan
Euskadiko lan-merkatuaren 2020ko laugarren hiruhilekoko datuen arabera, 930.500 pertsona daude lanean, hau da, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, % 1,5 gehiago.
Biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa % 56,1ekoa da 2020ko laugarren hiruhilekoan, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta 1,6 puntu igo da.
Lurraldez lurralde aztertuta eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Araban hazi da gehien okupazioa, 6.700 pertsona gehiago baitaude lanean. Bizkaian 4.100 pertsona gehiago daude, eta Gipuzkoan, berriz, 3.500 gehiago.
Hiriburuei dagokienez, Gasteizen 5.500 pertsona gehiago daude lanean, Donostian 1.400 gehiago eta Bilbon 200 gehiago. Generoari dagokionez, okupazioaren gorakada handiena emakumeen artean gertatu da, aurreko hiruhilekoan baino 12.500 gehiago, eta gizon landunen artean, berriz, 1.700 gehiago.
2020ko laugarren hiruhilekoan, kide guztiak langabezian dituzten 36.400 familia daude, aurreko hiruhilekoan baino 4.700 gehiago
Nazionalitateari dagokionez, espainiar nazionalitatea duten pertsona landunak 10.500 gehiago dira, eta atzerritarrak, berriz, 3.700 gehiago.
Euskadiko biztanleria okupatua 13.800 pertsona gehiago da zerbitzuen sektorean, 1.200 gehiago industrian eta 100 gehiago lehen sektorean; eraikuntzan, berriz, 800 pertsona gutxiago daude.
2020ko laugarren hiruhilekoan, kalkulatzen da 899.900 familia inguru daudela Euskadin, eta horietatik heren batek ez du pertsona aktiborik. Hamar familiatik seitan, pertsona aktibo guztiak okupatuta daude, aurreko hiruhilekoan baino 3.600 familia gutxiago, eta pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten familiak 36.400 dira, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 4.700 familia gehiago.
Covid-19aren eragina lan-merkatuan
Biztanleriari buruzko datuak, 2020ko laugarren hiruhilekoari dagokionez, covid-19ak eta administrazio publikoek jarduera murrizteko ezarritako neurriek baldintzatu dituzte.
Biztanleria landunari edo okupazio-tasari dagokionez lortutako zifrak zenbait baliabideren erabilera masiboak baldintzatzen ditu, hala nola enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteek, jarduera aldatzen baitute, baina ez nahitaez biztanleriaren egoera jarduerarekiko.
Hala, Eustatek adierazi du enplegu-erregulazioko egoeran dauden eta erreferentziako astean lanik egiten ez duten pertsona gehienak (% 98,5) lanean ari direla oraindik, 3 hilabete baino gutxiagoan lanera itzultzeko asmoa dutelako edo soldataren % 50 baino gehiago kobratzen jarraitzen dutelako.
2020ko laugarren hiruhilekoan, Euskadin, 34.400 pertsona okupatuta daude aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen egoeran Euskadin; horietatik 5.900 Araban, 16.900 Bizkaian eta 11.600 Gipuzkoan.
Urteko laugarren hiruhilekoan, ehuneko hori aurreko urteetako hiruhileko berdinetan baino handiagoa da; izan ere, azken urteetan % 8,1 eta % 10,9 artekoa zen, eta 2020ko laugarren hiruhilekoan, berriz, % 15,5ekoa.