Ekonomia -
EAEko Aurrekontuak
Aurrekontuen inguruko azken eskaintzari ezetz esan dio Elkarrekin Podemosek
Azpiazu sailburuaren arabera, egoerak beste "maila" bat eskatzen du, eta Jaurlaritzak "97 milioi euroko inpaktua" eskaini du. Koalizioarentzat, ez ditu "oinarrizko elementu batzuk" sartu.
EITB MEDIA
Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzaren 2021erako Aurrekontuen inguruko azken eskaintza baztertu du, Gasteizko Exekutiboak esan duenez.
Larunbatean bildu dira bi aldeek, eta bileraren ostean, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak nabarmendu du Exekutiboak "ahalegin" negoziatzailea egin duen arren, kontu publikoetan 97 milioi euroko inpaktua eskainiz, Elkarrekin Podemosek uko egin dio Aurrekontuak babesteari.
"Ez daukat argi nola kokatu ezezko hori, ez dakit bertigo politikoko kontua izango ote den, Elkarrekin Podemos osatzen duten alderdiek eskertu eta onartu egin baitute Eusko Jaurlaritzak beraientzat garrantzitsuak diren esparruak sakontzeko egindako ahalegina", esan du Azpiazuk bere sailak zabaldutako adierazpenetan.
Sailburuak azaldu duenez, Jaurlaritzak "osasuna, zaintza, berdintasuna eta genero-indarkeria, gizarte babesa eta inklusioa, hezkuntza, etxebizitza, enplegua, ingurumena eta energia" bezalako alorretan egin dio eskaintzak Elkarrekin Podemosi, "politika batzuk indartzeko eta beste batzuk bizkortzeko" konpromisoa hartuta.
Exekutiboaren helburua da "euskal gizartearentzat zaila den une honetan babes zabalagoak lortzea, nahiz eta gehiengo osoak ematen digun laguntzarik baino gehiago behar ez izan". Zentzu horretan, Elkarrekin Podemosi egindako eskaintzak "% 12,2ko igoeran eragitea ekarriko luke", koalizioak Legebiltzarren duen "pisua % 8koa" izan arren.
Azpiazuk "zintzotasunez, ausardiaz eta intentsitatez" saiatu direla esan du, "benetan uste dugulako ohiz kanpoko egoera baten aurrean gaudela", eta Elkarrekin Podemosen babesik gabe onartuko dituzten Aurrekontuak "Euskadin gizartea berreraikitzeko eta ekonomia eta enplegua suspertzeko bidea" direla.
Eskaintzak ez zituen Elkarrekin Podemosentzat "oinarrizkoak" ziren elementuak
Koalizioaren arabera, Eusko Jaurlaritzak ez du izan Elkarrekin Podemosentzat "oinarrizkoak" ziren elementu batzuk eskaintzeko "borondate politikorik", adibidez, "gizarte politikak, adinekoen egoitzen publifikazioa, osasun zerbitzuen pribatizazioan atzera egitea eta erreforma fiskala". Horregatik, "tamalez" akordioa ez da posible izan, Miren Gorrotxategik azaldu duenez.
Aurrekontuen osoko zuzenketa aurkeztuko duten galdetuta, Gorrotxategik azaldu du zuzenketa "prest" dutela, baina orain koalizioak formalizatzen duen erabaki behar duela".Azpiazuri erantzun dio koalizioak ez duela "bertigo politikorik" izan, eta hori, esaterako, EAJ eta PSE-EE buru duen Gasteizko Udaleko aurrekontuen Elkarrekin Podemosen babesean ikusiko da.
Negoziaketak ez dira "errazak" izan koalizioarentzat, EAJ-PSEren gehiengo absolutuagatik eta astelehenean zuzenketak aurkezteko epea ireki arte denbora gutxi zegoelako, baina hala ere "pozik" azaldu da prozesuagatik eta hitzarmena "zintzotasunez eta leialtasunez" lortzen saiatzeagatik.
Gorrotxategik esan du Jaurlaritzak erabaki duela gaurkoa azken eskaintza izatea. Bozeramailearen arabera, "gerora" elkar ulertzeko aukera egoteko lanean jarraituko dute.