Ekonomia -
Euskadi Next
EAEk funts europarretarako dituen 188 proiektuak helarazi dizkio Urkulluk Sanchezi
Espainiako Gobernuko presidenteari bidalitako gutun batean, lehendakariak, halaber, eskatu du "multimailako gobernantza" egotea, EBren diru-laguntza horiek kudeatzeko.
Agentziak | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak gutuna bidali dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Euskadik funts europarretarako dituen 188 proiektuen gaineko informazioa helaraztea helburu. Halaber, Urkulluk "multimailako gobernantzan" sakontzea galdegin du, Europar Batasunaren diru-laguntza horiek kudeatzeko, Eusko Jaurlaritzaren iturriek jakitera eman dutenez.
Astearte honetan, Eusko Jaurlaritzak Euskadi Next programa onartu zuen, eta biharamunean bidali dio gutuna lehendakariak Espainiako presidenteari. Programa hori Jaurlaritzak prestatu du, foru-aldundiekin eta EAEko hiru hiriburuetako udalekin batera, eta susperraldira, eraldatzera eta erresilientziara dago zuzenduta.
Eusko Jaurlaritzaren asmoa da programa hori Espainiako Gobernuak Europara bidaliko duen Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barnean txertatzea. Plan horretako proiektuak Europar Batasunaren Next Generation Funtsetan parte hartzeko hautagaiak izango dira; funts horiek Susperraldi eta Erresilientzia Mekanismotik datoz.
5.702 milioi
Horrela, Euskadiren nahia da guztira funts europarretatik 5.702 milioi euro jasotzea, 188 proiektu finantzatzeko. Halaber, bost urtetan, 13.135 milioi aktibatuko lituzkete; kopuru hori euskal erakundeek eta inbertsio pribatuak jarriko lukete.
Sanchezi bidalitako gutunean, Urkulluk Euskadiko proiektu guztietako dokumentazioa helarazi dio, eta "multimailako gobernantzan sakontzeko beharra" nabarmendu, funts europarrak garatzeko.
Urriaren 26an izandako presidenteen batzarrean (Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea ere bertan izan zen), Urkulluk mahaigaineratu zuen "eskualdeen, estaturik gabeko nazioen edo autonomia-erkidegoen kogobernantza edo multimailako gobernantza".
Jaurlaritzak, hain zuzen ere, Eskualde Garapen Funts Europarretan baliatutako kudeaketa sistemaren antzeko bat erabiltzearen alde egin du. Horrez gain, nabarmendu du egon beharko litzatekeela hitzarmen bakarra Espainiako Gobernuko Ogasun Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, baliabideak Euskadira transferitzeko.