Ekonomia -
Euskadi Next 21-26
EH Bilduren ustez herri ikuspegia falta zaie EBko funtsetara bideratutako proiektuei
Proposamena osatzen laguntzeko prestutasuna agertu dio Jaurlaritzari, aurkeztutako proiektu askorekin bat egiten duelako.
agentziak | erredakzioa
EH Bilduk kritikatu du Eusko Jaurlaritzak Europako funtsak jasotzeko proposatu dituen proiektuek, "Euskadi Next 21-26" egitasmoan daudenek, ez dutela "herri ikuspegirik", eta hiriburuak lehenesten dituela udalerrien aurrean. Horregatik, "literatura ona" jasotzen duten arren, "guztiz hobetu" daitezkeela iritzi dio koalizioak.
Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak eta Mikel Otero legebiltzarkideak prentsaurrekoa eman dute Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari helaraziko dion proposamenaren inguruko iritzi emateko. Jaurlaritzak 188 finantzatu nahi ditu Europako funtsetatik 5.702 milioi euro jasota.
Iriartek berretsi du "gardentasun faltarekin" jokatu duela Jaurlaritzak proposamen horren idazketan, eta bestelako eragileekin hitz egiteko beharra azpimarratu du, Espainiako Gobernuaren eta Europar Batasunaren aurrean "elkar babesteko".
Oterok esan du "nahikoa zaila" dirudiela Eusko Jaurlaritzak eskatzen duen diru guztia lortzea. Horregatik, negoziazioan "behetik" jo beharko dutela uste du, eta negoziazio "indartsua" egin beharko dela Madrilen.
EH Bilduren legebiltzarkideak esan du proposamenari "herri ikuspegia" falta zaiola. Salatu du idazketan udalen papera, hiriburuena kenduta, "txikiegia" izan dela, eta horrela "herritarren % 64 kanpoan" uzten dela.
Era berean, gogorarazi du ez dela zehazten euskal erakunde publikoek zenbat diru jarriko luketen proiektuen finantziazioa osatzeko, eta horrek "inprobisazioa" uzten omen du agerian. Hori horrela, proposamenak "literatura ona" duela, baina "guztiz hobetu" daitekeela iritzi dio.
Koalizioak proposamena osatzeko prestutasun osoa duela adierazi du, aurkeztutako proiektu askorekin ados dagoelako, nahiz eta ez duen nahikoa informaziorik banaka zerrendatzeko.
Xehetasun guztiak lortzeko, EH Bilduk informazioa eskatuko die Eusko Jaurlaritzari, hiru aldundiei eta Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalei. Era berean, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren agerraldia eskatuko du Eusko Legebiltzarrean.