Ekonomia -
TELEKOMUNIKAZIO TALDEA
Euskaltelek 25 milioi euro ordainduko ditu akziodunen artean dibidendu gisa
2015eko uztailean Burtsara atera zenetik bosgarren urtez jarraian ordaindu ditu dibidenduak. Aurten, akzio bakoitzeko 0,14 euro ordaintzea adostu du enpresak.
EITB Media
Euskaltel Taldearen administrazio kontseiluak aho batez erabaki du 2020ko emaitzen kontura dibidendu bat banatzea. Zirkulazioan dagoen eta dibidendua jasotzeko eskubidea ematen duen akzio bakoitzeko 0,14 euro gordin emango ditu.
Horrela, guztira 25 milioi euro ordainduko dizkie akziodunei 2021eko otsailaren 12an.
Konpainiaren arabera, 2015eko uztailean Burtsara atera zenetik bosgarren urtez jarraian ordainduko ditu dibidenduak. Gainera, nabarmendu duenez, banaketa horrek taldeak akziodunari ordaintzeko politika jasangarri eta gero eta handiagoa izateko konpromisoa islatzen du eta inbertitzaileentzat balioa sortzeko helburua indartzen du.
2021ean egingo den akziodunen batzar orokorrean zehaztuko da aurtengo emaitzen konturako azken dibidendua.
Urteko hirugarren hiruhilekoa finantza-egoera "oso sendoarekin" itxi zuen Euskaltelek: emaitza garbia % 24,5 hazi zen eta bezeroen gorakadak marka berria utzi zuen. Horrela, aurreko hiruhilekoetan izandako hazkunde-joera indartu du, bere plan estrategikoan jasotako helburuekin bat eginez.
Gainera, maiatzaren 20an, Espainiako Estatu osoan Virgin Telco markarekin hedatzen hasi zen “arrakasta handiz”; izan ere, izen horrekin merkaturatu eta sei hilabetera 60.000 bezero zituen, aurreikusitako helburu guztiak hobetuta.