Ekonomia -
Lan-erregulazioko espedientea
Erakundeak "alboz" jarri direla salatu dute Aernnovako langileek Gasteizen
Lantegiko enpresa-batzordearen presidenteak azaldu duenez, lan-erregulazioko txostena saihesteko proposamen guztiak errefusatu ditu zuzendaritzak. Kontsulta epea abenduaren 18an bukatuko da.
Agentziak | Erredakzioa
Berantevillako (Araba) lantegiaren 200 bat beharginek elkarretaratzea egin dute larunbat honetan, Gasteizen, "Aernnovak kaleratu. Urkullu konplize" lelopean. Erakundeak "alboz" jartzen ari direla salatu dute langileek, eta enpresari neurri ez traumatikoak eskatu dizkiote.
Juan Carlos Gomez Lantegiko enpresa-batzordearen presidenteak azaldu duenez, lan-erregulazioko txostena saihesteko proposamen guztiak errefusatu ditu zuzendaritzak, hala nola, aurre-erretiroak, irteera boluntarioak, eszedentziak eta lanaldiaren murrizketak.
Kontsulta epea abenduaren 18an bukatuko da, eta enpresaren jarrerak kezkatzen du enpresa-batzordea, baita erakundeen "inplikazio faltak" ere. Gomezen ahotan, "alboz jartzen ari dira" eta "enpresa bezala, denbora pasatzen uzten ari dira".
Gomezek azpimarratu duenez, enpresa aeronautikoak planteatutako 101 kaleratzeen aurrean, beste irtenbide batzuk daudela uste dute, eta horregatik borrokan jarraituko dute. "Aurre-erretiroekin soilik, hiru urtetan 70-80 pertsonen lanpostuak beteko lirateke. Borondate kontua da", erantsi du.
Astelehenerako greba deitu dute berriro. Orain arte egindako lanuzteak, langile guztiek babestu dituzte, sindikatuen arabera.