Ekonomia -

EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUA

Jaurlaritzak 2021ean ekingo dio Lanbideren erreformari, "eraginkorra egiteko"

Idoia Mendiak iragarri duenez, 2021ean beste bi konturi ere helduko die: hurrengo hamarkadarako Enpleguaren Euskal Estrategiari eta legegintzaldirako Enplegu Plan Estrategikoari.

Lanbideren bulego bat, artxiboko irudi batean. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Lanbideren bulego bat, artxiboko irudi batean
Lanbideren bulego bat, artxiboko irudi batean. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan sailburuak iragarri duenez, bere sailak 2021ean ekingo dio Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren "transformazio progresiboari", zerbitzu publiko "eraginkorra" bihurtzeko. Antolaketan, arreta zerbitzuan eta prestakuntzan izango omen dira aldaketak.

Mendiak gaur goizean egin du iragarpena, gaur-biharretan Bilbon egingo den Enpleguaren Euskal Biltzarraren irekiera ekitaldian.

Enplegu eta Lan Sailak hiru konturi helduko die 2021ean: datorren hamarkadarako Enpleguaren Euskal Estrategiari, legegintzaldi baterako Enpleguaren Plan Estrategikoari eta Lanbideren eraldatzeari.

Ildo horretan, "kalitatean" sakontzeko asmoa azaldu du eta hainbat kontu aipatu ditu: "gaitasun profesional berriak, prestakuntza erronkak, lan aktibazioa eta gizarteratzea, ekintzailetza, elkarrizketa soziala eta politika publikoak".

Enplegu eta Lan sailburuak adierazi duenez, hausnarketa horiek guztiak Enpleguaren Euskal Legearen eta Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Legearen proiektuetan jasoko dituzte.

Prozesu eraldatzaile horri "berrikuntza, elkarrizketa eta berdintasun irizpideekin" helduko diotela berretsi du, enplegu sistema inklusibo bat lortzeko, berdina izango dena emakume eta gizonentzat, gazteentzat, 45 urtetik gorakoentzat eta lan merkatuan sartzeko "zailtasun handiagoak" dituzten beste kolektibo batzuentzat.

Horren harira, Mendiak azpimarratu du dagoeneko ez dutela balio "formula zaharrek". Gaineratu duenez, ez dute kudeaketaz hitz egin nahi, sistema publikoaren berrikuntzaz baizik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza EAE Idoia Mendia Lanbide albisteak Ekonomia Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa