Ekonomia -

Elkarretaratzeak

Joaquin Beltran aurkitzeko eskatu dute, luizia gertatu eta bederatzi hilabete geroago

Zaldibar Argitu plataformak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte Eitzaga auzoa, Zaldibar, Ermua eta Eibarren.

Joaquin Beltran aurkitzeko eskatu dute elkarretaratzeetan. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Joaquin Beltran aurkitzeko eskatu dute elkarretaratzeetan. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Joaquin Beltran aurkitzeko eskatu dute elkarretaratzeetan. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaldibar Argitu plataformak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte larunbat honetan Eitzaga auzoan (12:00), Zaldibarren (13:00) eta Ermuan (13:00). Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze lurperatu zituen luizia duela bederatzi hilabete gertatu zen zabortegian. Arratsaldean hirugarren elkarretaratze bat egin dute Eibarren (18:00).

Plataformak hilero egiten ditu elkarretaratzeak, Joaquin Beltranen gorpuzkiak behingoz aurkitzea eskatzeko; izan ere, hondakinen artean jarraitzen dute. Alberto Sololuze lankidearen gorpuzkiak iragan abuztuan topatu zituzten.

Era berean, zabortegiko luizia eragin zuten arrazoiak argitzea nahi du plataformak, baita erantzukizunak garbitzea ere, Zaldibar Argituko kideek errepikatu dutenez.

Zaldibarko elkarretaratzean 80 bat pertsonak parte hartu dute, "osasuna eta erantzunak" lelopean, antolatzaileek jakitera eman dutenez.

Joaquin Beltran bilatzen jarraitzeko eskatu dute manifestarien ordezkariek ohar batean, senideek eta lagunek "merezitako agurra" eman ahal izateko.

Luiziaren zergatiak argitzeko ikerketa "serioan" hartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Joaquin Beltran topatu eta zabortegian gertatutakoa argitu arte mobilizazioekin aurrera jarraituko dutela ohartarazi du plataformak.

Zaldibarren gertatutakoa beste inon ez errepikatzeko eskatu dute. Horretarako, zaborren kudeaketa ezin da enpresa pribatuen esku utzi, zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak egoera aldatzeko "pausorik eman ez" izana deitoratu dute.

Larunbat honetako mobilizazioez gain, ostiralean antzeko protesta bat egin zuten Etxebarrin, eta ostegunean plataformako kideek elkarretaratzea egin zuten Zallan, Joaquin Beltranen herrian, hain zuzen ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Ermua Eibar Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak Manifestazioak Zalla Zaldibar Ingurumena Enkartazioak gaur Lur-jausiei buruzko albisteak Durangaldea gaur