Ekonomia -
Lanak 2016an hasi ziren
Toledoko Itunaren gomendioek argia ikusiko dute lau urteko lana bukatuz
2016ko irailean hasitako lanak amaitzea adostu du aho batez Toledoko Itunak. Pentsioen balioa handitzeko KPIren protagonismoa azpimarratzekoa da.
Agentziak | Erredakzioa
2016ko irailean hasitako lanak amaitzea adostu du aho batez Toledoko Itunak. Gizarte Segurantza sistemaren jasangarritasuna eta nahikotasuna bermatzeko gomendioak mahai gainean izan dituzte, besteak beste, pentsioen balioa handitzeko KPIri protagonismoa ematea.
Txostena urriaren 27an, Kongresuko batzorde ireki batean, bozkatzea erabaki dute Toledoko Itunaren Batzordeko bozeramaileek ostiral honetan, ia 20 gomendio adostu ondoren.
Alderdi ezberdinetako iturriek azaldu dutenez, adostasun zabala lortu dute aurkako botorik ez izateko, baina ERC eta EH Bildu abstenitzea espero da, nahiz eta proposamenak onak izan, nahikoak ez direla iritzi dutelako.
Beste iturri parlamentario batzuek aurreratu dutenez, Voxek “kontrako botoa ematea oso zail du Gobernuaren aurkako zentsura-mozioaren hondamendiaren ostean”. Ultraeskuineko alderdiaren botoa abstentzioa izan daitekeela azaldu dute.
Gizarte Segurantzako finantziazio iturrien bereizketan sakontzeko gomendioa ematen du testuak, 2023an sistemaren defizitarekin bukatzeko, legealdiaren bukaeran, hain zuzen ere.
Horrela, Gizarte Segurantzak orain arte ordaintzen zituen gastu inpropioak (hobariak, ekoizpen sektore zehatzei emandako diru-laguntzen kuotak, langabezia prestazioak edo familiekin lotutako diru-laguntzak, hala nola, seme-alaba bakoitzeko edo menpekoen zaintza, amatasuna edo aitatasuna) Estatuak aurrekontu edo transferentzia zuzenen bidez finantzatzea gomendatzen du txostenak.
Estatuak erregimen berezien defizitaren, gutxieneko pentsio osagarrien eta alargunek edo errentarik eta lanik ez duten 65 urtez gorako adinekoek jasotzen dituzten pentsioak igotzeko finantziazioan lagundu beharko lukeela uste du Toledoko Itunak.
Lau urteko lanaren ostean gomendioek argia ikustea aintzat hartu dute bozeramaile guztiek; izan ere, azken proposamenak 2011n egin ziren, eta Toledoko Itunak bost urterik behin gomendioak berrikusi behar ditu.
Ezbairik gabe KPI proposamen protagonista da; izan ere, pentsioak adierazle hori erabiliz berrikusiko dituzte, PPren Gobernuak onartutako legea bazterrean utziz. Urtero pentsioen balioa % 0,25 areagotzea aurreikusten du Alderdi Popularraren legeak.
Pentsioa kalkulatzeko kotizazio 25 urterik onenak aukeratu ahal izateko proposamenak ere egin dituzte, baita erretiroa hartzeko benetako adina legezko erretreta adinera hurbiltzeko pizgarriak edo aurretiko erretiroa ez sustatzea eta sektore zehatz batzuk ( 40 urte baino gehiagoko kotizazioa dutenak) ez kaltetzeko formulak aztertzea ere.
Ia gomendio guztiak 2019an adostu zituzten dagoeneko, baina hauteskundeen aurrerapenak onartzea eragotzi zuen. Ondorioz, bozeramaileek orraztu egin dituzte, eta horietako batzuk COVID-19ak eragindako egoera ekonomikoari edo immigrazioari egokituz.