Ekonomia -
Koronabirusa Bilbo
Aburto: "Aste Nagusia, Eurokopa eta BBK ez ospatzearen eragina 150 milioikoa da"
Bilboko alkatearen arabera, "Aste Nagusiak 70 milioi euroko eragin ekonomikoa ekarriko luke, Eurokopan antzeko kopuruak aurreikusi ziren, eta BBK Livek 20 milioitik gorakoak".
Agentziak | Erredakzioa
Aurten Aste Nagusia, Eurokopa eta BBK Live jaialdia ez ospatzeak izango duen eragin ekonomikoa 150 milioi eurotik gorakoa izango dela kalkulatu du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak.
"Aste Nagusiak 70 milioi euroko eragin ekonomikoa ekarriko luke, Eurokopan antzeko kopuruak aurreikusi ziren, eta BBK Livek 20 milioitik gora, guztira 150 milioi eurotik gorako galera ekonomikoa ekarriko du ekitaldi horiek ez ospatzeak".
Onda Vasca irratian egindako adierazpenetan, Aburtok adierazi du itxieran izandako portaera soziala "konpromiso handikoa" izan zela, "jendeak oso ondo egin zuen, baina azken asteotan eredugarriak ez diren egoerak eman dira".
Hala ere, Bizkaiko hiriburuan "ez dago mahai gainean" itxierak ezartzeko aukera.
"Ez dugu egoera kezkagarria duen auzorik. Birusa gero eta banatuago dago. Bilbon ia ezin da fokuez hitz egin, birusa sakabanatuta dago".
Horregatik, hartu beharreko neurrien inguruan zuhurtzia mezua plazaratu du alkateak: "Kontua ez da larritzea. Irmotasun mezua helarazi behar da, behar diren neurriak hartuko ditugu uneren batean hori egitea beharrezkoa bada, baina une honetan (konfinamendua) ez dago mahai gainean".
Ostalaritza, merkataritza eta hotelak gaizki pasatzen ari direla aitortu du alkateak. Hala ere, gaueko aisialdiari ezarritako murrizketak "agian beharrezko neurri kirurgikoak" izango direla onartu du.
Aburtok ostalaritza sektorearen jokabidea babestu du, "konpromiso handikoa izaten ari da, eta ulertzen dugu gaueko aisialdiari buruz dituen kexak".
Merkataritzari dagokionez, alkateak azaldu du atzo Alde Zaharreko merkatariek adierazi ziotela "mugikortasunik ez dagoela, herrietako jendea behar dutela, eta jendea ez dela mugitzen, beldur delako".
Gainera, Bilboko hotelen % 80 zabalik daude, baina okupazio tasa % 30-35ekoa da.
Azkenik, Aburtok azaldu duenez, konpartsek oraindik ez dituzte kendu Udaleko erregistroko 24 jarduera eskaerak, "hala egin beharko zuketen".
Hala ere, "garrantzitsuena da Bilboko konpartsak ezer ez dela egongo erabaki duela", eta, beraz, ez da jendetzarik sortuko.