Ekonomia -
Koronabirusa
Euskadiko BPGa aurten % 8,9 jaitsiko dela aurreikusi du Laboral Kutxak
Horren arabera, enpleguak 2023an berreskuratuko du krisiaren aurretiko maila. 2021era begira, BPGaren hazkundea % 7koa izango da Euskadin eta % 6,9koa Estatuan.
Agentziak | Erredakzioa
Laboral Kutxak beherantz berrikusi ditu aurtengo aurreikuspen ekonomikoak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2020an Barne Produktu Gordina (BPG) % 8,9 jaitsiko dela aurreikusi du, koronabirusak eragindako krisi ekonomikoa dela eta. 2021erako, berriz, % 7ko hazkundea aurreikusi du.
Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa Zerbitzuko arduradunak 2019ko Euskal Ekonomia Txostena aurkeztu du ostegun honetan, eta 2020rako aurreikuspen ekonomikoak ere jakinarazi ditu.
Agerraldian azaldu duenez, koronabirusaren krisia kontuan hartuta, BPGak % 8,9 egingo du behera aurten Euskadin, Estatuan baino zertxobait gutxiago (-% 9,4). 2021era begira, BPGaren hazkundea % 7koa izango da Euskadin eta % 6,9koa Estatuan.
Bilakaera horrekin, langabezia-tasa aurten % 14,2koa izango da, eta datorren urtean %12,7ra jaitsiko da. Enpleguak, bestalde, % 7,3 egingo du behera aurten, eta % 5,6 haziko da hurrengoan. Laboral Kutxaren arabera, enpleguak 2023an berreskuratuko du krisiaren aurretiko maila.
Bestalde, egoera honetan hartu beharreko neurrien inguruan, Madariagak uste du "zentzuzkoa" dela pentsatzea epe ertainean zerga batzuk "igo" beharko direla.