Ekonomia -
EUSKALTEL
Euskaltelek akordioa lortu du Orangerekin 1,8 milioi etxetara iristeko
Horrela, Euskaltel Taldeak Espainia mailako estaldura handituko du zuntz bidez, Orangeren sarea erabiliz. Hedapen horiek amaituta egongo dira 2023 amaitu aurretik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskaltelek akordio bat sinatu du Orangerekin, eta, horri esker, taldea gutxienez 1,8 milioi etxetara iritsi ahal izango da bistream modalitatean, Orangek datozen urteetan egin beharreko zuntz hedapenerako plan gehigarrietan sartutako 3 milioi etxeetatik. Hedapen horiek amaituta egongo dira 2023 amaitu aurretik.
Ohar baten bidez, Euskaltelek adierazi du akordio hori "beste aurrerapauso bat" dela Orangerekin 2019ko abenduaren 13an sinatutako akordioetan; izan ere, orduan jakinarazi zuen konpainiak bere handizkako akordioak berritu eta hobetu zituela konpainiarekin, bai sare finkorako bai sare mugikorrerako, "aurreko akordioen baldintzak hobetuz eta haien iraupena luzatuz".
Horrela, Euskaltel Taldeak Espainia mailako estaldura handituko du zuntz bidez, Orangeren sarea erabiliz.
2020ko apirilaren 22an, urteko lehen hiru hileko emaitzetan, Euskaltel Taldeak Estatuan 13,5 milioi etxetara iristeko ahalmena zuela iragarri zuen, sare propioa eta hirugarren batzuena (Orange, tartean) kontuan hartuta. Horrela, 2020ko bigarren hiruhilekoaren amaieran Taldeak 18 milioi etxetara iristeko ahalmena izateko helburua betetzen dela adierazi du.
Euskaltelek adierazi du sarearen estaldura "funtsezko aktiboa" dela Euskaltel Taldeak Estatu mailan hedatzeko dituen planetarako, 2020ko martxoaren 10ean 2020-2025erako Negozio Planeko aurkezpenean iragarri zuten bezala. 2020ko maiatzaren 20an, Euskaltel Taldeak Virgin telco marka berria merkaturatu zuela iragarri zuen, Estatuan hedatzeko.