Ekonomia -
Eskubide sozialen gutuna
Mobilizazioak ekainaren 19an, "2008ko akatsak errepika ez daitezen"
Plataformaren esanetan, "publikoa dena eta funtsezkoena indartzeko, aberastasuna banatu behar da".
agentziak | erredakzioa
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, sindikatuek eta gizarte-erakundeek osatutako plataformak, hainbat mobilizazio deitu ditu datorren ostiralerako, hilak 19, "Publikoa eta funtsezkoa zaindu, aberastasuna banatuz. Lehenik bizitza!" lelopean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan.
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak hartu dute parte Donostian egindako agerraldi batean, zazpi arlo zehatzetan Gutun Sozialaren aldarrikapenak zeintzuk diren azaltzeko.
Plataformak zerbitzu publikoak garatzearen alde egin du, eta honako hauek "berehala publiko egitea" defendatzen du: "Zaintza-lanak (zaharren egoitza, eguneko zentroak, dibertsitate funtzionala dutenentzako egoitza-elkarteak, adingabeen egoitzak eta etxez etxeko zerbitzuak), osasun publikorako zerbitzuak, administrazio publikoek osasun- eta hezkuntza-arloan azpikontratatutakoak (garbiketa, monitoreak, jantokietako langileak) eta anbulantziak, langile guztien subrogazioa eta finkatzeko eta parekatzeko salbuespenezko prozedura bermatzeko”.
Mitxel Lakuntzaren ustez, "agerikoa da zainketen eredu publiko bat berrikusi eta bultzatu behar dela, enpresak geldi daitezkeelako, baina zaintzak ez dira inoiz gelditzen".
ELAko buruzagiak ohartarazi du ezin direla "2008ko akatsak errepikatu", "austeritateak, murrizketek eta erreformek eragin dutelako gure herria desberdintasunean eta pobrezian hazi izana".
Eskubideen Gutunak 10.000 lanpostu sortzea ere eskatu du, "eredua aldatuko duen eta jaiotzatik bizitzaren amaierara arteko zaintzak bermatuko dituen kalitatezko zainketen sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko", eta pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurkako neurrien aldeko apustua egin du.
Era berean, "gutxienez 1.080 euroko soldata" eskatu du erretiratuentzat, eta "gutxienez 1.200 euroko soldata 35 orduko lanaldi bakoitzeko".
Fiskalitateari dagokionez, "proposamen honek dakarren gastu gehikuntza guztia eta testuinguru honetan sortzen den zor publiko guztia errenta altuen, kapital errenten eta enpresen mozkinen kontura" izatea planteatu du, eta, aldi berean, "egoera administratibo irregularrean eta ezkutuko ekonomian dauden pertsona guztien erregularizazioa" eskatu du.
Garbiñe Aranburuk beste alderdi batzuk aipatu ditu. Pandemiak utzitako ebidentzien artean, "azken urteotako zerbitzu publikoen murrizketa, pribatizazio- eta merkantilizazio -politikaren ondorioz ahuldua" izan den "osasun-sistema publiko indartsu bat" izatearen garrantzia azpimarratu du.
LABeko idazkari nagusiaren iritziz, pandemiak "sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozidaren iraunkortasunik eza are gehiago agerian uzteko" balio izan du.
Zentzu horretan, "bizitzari eusteko funtsezko lanak zeintzuk diren ikusi dira", azpimarratu du.
Lakuntzak eta Aranburuk zehaztu dutenez, hilaren 19ko goizeko mobilizazioak 11:30ean izango dira Bilboko udaletxean, Iruñeko Gaztelu Plazan, Donostiako Alderdi Ederren eta Gasteizko Foruen Plazan.
Arratsaldekoak 18:30ean izango dira Gasteizko tren-geltokian eta Gipuzkoako hiriburuko Boulevardean, eta 19:00etan Iruñeko Gaztelu plazan eta Bizkaiko hiriburuko Moyua plazan.