Ekonomia -

Koronabirusa

ELA, CCOO, LAB, Steilas eta UGTk ikasturte hasiera adostea eskatu diote Jaurlaritzari

Bestela, "mobilizazioak martxan" jarriko dituztela iragarri dute, "langileentzat eta ikasleentzat osasun bermeak dauden arte".

Sindikatuen protesta. Argazkia: Efe
Sindikatuen protesta. Argazkia: Efe
Sindikatuen protesta. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELAk, CCOOk, LABek, Steilasek eta UGTk “ikasturte hasiera eta datorren urterako beharrezko segurtasun eta osasun neurriak” sindikatuekin adosteko eskatu diote Hezkuntza Sailari, zeren bestela “mobilizazioak” jarriko omen dituzte martxan, “langileentzat eta ikasleentzat osasun bermeak dauden arte”.

Agiri bateratu batean, bost sindikatuek adierazi dute "ia ikastetxe guztiek bat egin dutela sindikatuek planteatutako ikasturte amaierako proposamenarekin, Hezkuntza Sailaren arduragabekeriaren eta irizpide aldakorren aurrean", eta iragarri dute datozen egunetan "adi" egongo direla "zentro bakoitzean aurrez aurreko itzulera behar bezalako osasun-bermeekin egin dadin"

Ildo horretan, azpimarratu dute astelehen honetan, maiatzaren 25ean, EAEn oso ikastetxe gutxik jarri dituztela abian aurrez aurreko ikasketak, eta oso ikasle talde mugatuentzat izan direla, batez ere errefortzu bat eskatzen duten ikasleentzat edo unibertsitatean sartzeko azterketa prestatzeko Batxilergoko 2. urteko ikasleentzat.

Beraz, bost sindikatuek adierazi dutenez, "Hezkuntzak Sailak ez bezala, ikastetxe gehienek joan den astean sindikatuok Sailari helarazi genion proposamenaren ildotik doazen ikasturte amaierako planteamendua egitea erabaki dute".

Bost sindikatuek idazkian adierazi dutenez, "sindikatuen eta, oro har, hezkuntza-komunitate osoaren gaitzespenak eta presioak Hezkuntza Saila bere hasierako erabakiak aldatzera behartu badute ere, oso larria eta arduragabea izaten ari da ikasturte amaiera atipiko honi begira egiten ari den kudeaketa"; izan ere, sindikatuen ikuspuntutik, Jaurlaritza "hezkuntza-eragileekin adostu gabeko aldebakarreko erabakiak hartzen ari da etengabe".

Haien ustez, "ikastetxe bakoitzaren autonomia aitzakiatzat hartuta, ikastetxe bakoitzaren esku utzi nahi dituzte itzulera presentzialaren erantzukizuna eta pisua, eta ikastetxe askok ez dute Hezkuntza Ikuskaritzaren erantzunik jaso haren itzulera-planaren aurrean; beraz, ez dakite haren itzulera-planak Sailaren oniritzia duenik ere".

Hori dela eta, "ikasturte amaiera honi eta Jaurlaritzaren arduragabekeriak eragindako egoerei adi egoteaz gain, Hezkuntza Sailari eskatzen diote negoziatu eta adostu dezala langileen ordezkariekin datorren ikasturtearen hasierako plangintza eta baldintzak, bai eta beharrezkoak diren segurtasun- eta osasun neurriak” ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO UGT Steilas