Ekonomia -
Koronabirusa
Euskadi turista barik geratu zen apirilean, % 99,5eko jaitsierarekin
Turistentzako ostatuak itxita egon dira martxoaren 19tik, eta horrek eragin zuzena izan du beherakadan.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadi ia turistarik gabe geratu da apirilean. 1.467 bidaiari hartu ditu aurten hilabete horretan, eta 276.415 hartu zituen iaz, hilabete berean. Jaitsiera % 99,5ekoa izan da.
Turisten jaitsiera ostatu-gauen kopuruan ere ikusten da. 13.027 zenbatu dituzte aurtengo apirilean, eta 5.398.485, berriz, 2019ko apirilean, Eustatek emandako datuen arabera. Kasu honetan, jaitsiera % 97,6koa da.
Datu txarrak aztertzeko orduan, kontuan izan behar da turistentzako ostatuak martxoaren 19tik itxita egon direla. Alarma-egoeran, oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten ostatu batzuek bakarrik zabaldu ahal izan dituzte ateak.
Eustatek azpimarratu duenez, COVID-19ak euskal ostalaritzan izan duen eragina "ikaragarria" izan da, 56 ostatuk bakarrik izan dutelako nolabaiteko jarduera erkidego osoan. Gainerako 563ek, berriz, ateak itxita izan dituzte. Iazko apirilean, 35 bakarrik egon ziren itxita, arrazoi ezberdinengatik.
Datuak, lurraldeka
Lurralde bakoitzeko datuei dagokienez, Araban 6 ostatu egon dira zabalik, Bizkaian 29 eta Gipuzkoan 21, Osakidetzak medikalizatutako hotelak eta alarma-egoeraren ondorioz eta ezinbesteko arrazoiengatik pertsonak hartu behar izan zituztenak kontuan izan barik.
Apirilean, 627 bidaiari eta 4.125 ostatu-gau zenbatu dituzte Araban, batez beste 6,58 eguneko egonaldiarekin. Gipuzkoan, egonaldien iraupena antzekoa izan da (6,84 egunekoa), eta 681 bidaiari eta 4.657 ostatu-gau zenbatu dituzte.
Bizkaian, 159 bidaiari eta 4.245 ostatu-gau zenbatu dituzte apirilean, eta egonaldiek batez beste 6,7 egun iraun dute.