Ekonomia -
Enplegua
Langabezia tasa % 9,9ra igo da EAEn, urteko lehen hiruhilekoan
2019ko azken hiruhilekoan, enpleguak bilakaera ona izan zuen eta langabezia tasa % 9,5ean zegoen.
Agentziak | Erredakzioa
Langabezia tasa % 0,4 igo da Euskadin 2020. urteko lehen hiruhilekoan eta % 9,9ra iritsi da. 2019ko hiruhileko berean, langabezia tasa puntu erdi handiagoa zen.
Biztanleria Jardueraren Arabera Sailkatzeko Inkestaren arabera, eta iazko azken datuekin alderatuta, koronabirusaren pandemia lan merkatuan eragin negatiboa izaten ari dela dirudi. Hala ere, eragin hori hurrengo hiruhilekoan nabarmenagoa izango dela aurreikusten da.
Inkestaren azken datuak urtarrilean publikatu ziren, eta orduan enplegua Euskadin izaten ari zen bilakaera ona adierazten zuten. 2019aren amaieran, langabezia tasa % 9,5ean zegoen.
Borja Belandiaren iritzia
Borja Belandia Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak gaur goizean aditzera eman duenez, EUSTATek argitaratu berri duen Biztanleria Jardueraren Arabera Sailkatzeko Inkestak islatzen du "martxoaren erdialdera arte Euskadik lortu zuela langabezia-tasa % 10aren azpitik finkatzeko helburua".
"Gaur egun, 40 egun geroago, ziurgabetasuna da nagusi. Sektore askok oraindik ez dute jarduera berrabiarazi eta ez dakigu nola eta noiz egin ahal izango duten", adierazi du Lanbideko zuzendari nagusiak.
"Tunelaren barruan jarraitzen dugu"
Oraingoz, Euskadin 175.000 pertsona baino gehiago daude aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten eraginpean, eta 130.000 langabe inguru daude erregistratuta Lanbiden, martxoko azken datu ofizialaren arabera. "Tunelaren barruan jarraitzen dugu, eta ez dakigu noiz izango dugun kalteak ebaluatu ahal izateko argi osoa", deitoratu du.