Ekonomia -
Koronabirusa
Espainiako Gobernuaren neurri ekonomiko berriak osasun krisiari aurre egiteko
Kaleratzen dituzten behin behineko langileentzat 430 euroko laguntza, hipoteken eta autonomo kuoten ordainketen atzerapena, hornidura eteteko debekua eta beste hainbat neurri onartu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Ministroen Kontseiluak aparteko neurri ekonomiko sorta bat onartu du gaur Dekretu baten bitartez, osasun krisi garaian langileek eta herritarrek orokorrean bizi duten egoerari aurre egiteko.
- 430 bat euroko (ondorio askotarako errenta-adierazle publikoaren % 80a) diru-laguntza aarma egoeran lan kontratua amaitzen duten behin behineko langileentzat, gutxieneko kotizazio mailara ez iristeagatik langabezia jasotzeko eskubiderik ez dutenak. Alarma egoeran amaitu den kontratuaren iraupena gutxienez bi hilabetekoa izan beharko da.
- Etxeko langileentzako aparteko diru-laguntza, Gizarte Segurantzan izena emana dutenentzat eta osasun krisian kaleratu badituzte edo ezin badute lanik egin.
- Autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek sei hilabete beranduago ordaindu ahal izango dute Gizarte Segurantzako kotizazioa interesik gabe, baina baldintza batzuetan.
- 300 milioi euro erkidegoentzat herritar kopurua (% 80), kasu kopurua (% 15) eta ZIUn daudenen kopurua (% 5) aintzat hartuta (martxoaren 24ko datuekin). Hala, EAEk 16 milioi euro jasoko ditu, eta Nafarroak, 4,78.
- Alarma amaitu eta sei hilabetera arte debekatuta egongo dira etxe kaleratzeak, etxebizitzen alokairuaren kontratuak 6 hilabete luzatuko dira automatikoki alokairuaren gehiegizko igoera galarazteko, eta Estatuak bermatutako mikrokredituak emango dituzte edo 900 eurora arteko laguntza zuzenak krisia amaitzen denean.
- Egoera honetan lana galdu dutenentzat edo diru-sarrerak nabarmen murriztu dituztenentzat hiru hilabeteko atzerapena hipotekaren ordainketan (orain arte hilabetekoa zen atzerapena).
- Hipotekak ez diren bestelako maileguetan ere atzerapenak autonomoentzat, profesionalentzat edo enpresa txiki eta ertainentzat egoera ekonomiko makurrean badaude.
- Argindar, gas eta ur hornidura eteteko debekua etxebizitza guztietara zabaldu dute alarma egoeran.
- Martxoaren 17an, Espainiako Gobernuak luzatzea onartu zuen zerga-jarduketen, tramiteen eta prozeduren epeetarako. Orain, autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako zerga-administraritzek gauzatu eta tramitatutako jarduketek ere izango dute luzatze hori.
- Autonomia-erkidegoek eta tokiko erakundeek enpresa eta autonomoei emandako maileguak ordaintzeko epea atzeratu da, baldin eta krisiak zorra hori ordaintzea galarazten duen jarduerarik gabeko eperik sortu badu, salmentetan "murrizketa handia" eragin badu, edo balio-katean etetea behartu badu.
- Berez negu-epean saltzen diren gasolinak, salbuespen moduan, ekainaren 30era arte saldu ahalko dira. Europar araua betez, normalean, maiatzaren 1etik irailaren 30era arte zerbitzu-estazioetan saltzen den gasolinaren lurrun-presioa urteko gainerako hilabeteetan baino txikiagoa da. Aurten, aldiz, neguko epea ez da bukatuko apirilaren 30ean, baizik eta ekainaren 30ean.
- Koronabirusaren krisiagatik kaleratutako langileek eta jarduera eten behar izan duten edo fakturazioa murriztu duten autonomoek ere eskatu ahalko dute elektrizitateko gizarte-bonua.
- Autonomoek eta enpresek aldi baterako bertan behera utziko ahalko dituzte hornidura-kontratuak, edo kontratuen modalitateak aldatu, zigorrik gabe. Gainera, aukera izango dute bidesaria aldatu eta kontratatuko indarra gorantz ala beherantz doitzeko, kosturik gabe. Alarma-egoera amaituta, berriro ere ahalko dute aldaketaren bat egin, kosturik edo zigorrik gabe.
- Merkataritza-epaitegi, gizarte-auzitegi eta auzi-administratibo arloko epaitegietarako, plana onartuko dute, jarduera judiziala alarma-egoera amaituta arintzeko; aukera handia dago epaitegi horietan jarduera pilatzea, konfinamenduak eta onartutako aparteko neurriak eragindako eteteagatik (adibidez, Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedienteengatik).
- Salbuespen moduan, lan-prestakuntzarako enpresek eta langileek ordaintzen duten kuota, ekitaldi honetan, langabeziagatik ezarritako babes-sistemaren prestazioak eta ekintzak finantzatzeko erabili ahalko da; izan ere, onartutako neurriek eragina izango dute ekonomian.
- Telefonia-tarifak ezingo dituzte igo, erabiltzaileek beste konpainia batekin kontratua egiteko mugak dituzten bitartean. Gainera, duela bi aste erabaki zuten eramangarritasuna bertan behera uztea; orain, aldiz, erabaki horrek bakarrik egongo da indarrean erabiltzeek behar dutenean dendetara fisikoki joan, edo helbidean esku-hartzerik egiten denean, ezinbestean ez bada.
- Alarma-egoera amaituta, sei hilabeteko luzapena ezarri dute kooperatibek salbuespeneko epe honetan baja diren bazkideei ekarpenak itzultzeko.
- Urtaroko izaera duten laborantza-ekoizpenek prestazioak eskuratu ahalko dituzte, jarduera eteteagatik; horretarako, kanpaina-hilabeteetako euren batez besteko fakturazioak, gutxienez, % 75 egin behar du behera, aurreko urteko kanpainako hilabete beretako emaitzekin alderatuta.
- Kontsumitzaileek kontratu jakin batzuk amaitutzat eman ahalko dituzte, zigorrik jaso gabe.
- Unibertsitateetan irakasle eta ikertzaile dabilenen eta Zientzia, Teknologia, Berrikuntza Estatuko Sistemako langileen kontratuak luzatuko dituzte; gauza bera gertatu zaie osasun-larrialdiagatik Osasun Sistema Nazionalak kontratatutako langileei.
- Bidaia konbinatuei dagokienez, aukera izango da dirua itzultzea eskatzeko, edo urtebeterako bonu trukagarria jasotzeko.
- Langile publikoek, hala nahi izatekotan, beste lanpostu batera joan ahalko dute; hain zuzen, krisiagatik langileak behar dituzten arloetara joan ahal izango dira.
- Gehiegizko igoerak saihesteko, etxebizitzetako alokairuen kontratuak sei hilabetez luzatuko dira.
- Ahultasun egoerara igaro den edonork eskatu ahalko du mikrokredito bat; horrek 0ko interes-tasa izango du, eta 6 urtetan itzuli ahal da; zailtasunik egotekotan, 10 urtetan itzuli ahal izango da.
- Krisia gaindituta ahultasuneko egoeran jarraituz gero, Estatuak alokairuaren zorra ordainduko du, laguntza publikoetako linea baten bidez. Linea horrek hilabeteko 900 eurorainoko laguntzak aurreikusten ditu, bai eta 200 eurokoak ere, azken horiek horniduren edo mantentzearen gastuetarako; guztira, 700 milioi euro ere erabil litezke.
- Estatu-mailako 'online'ko jokoaren eta apustuen publizitatea 01:00etatik 05:00etara arte soilik agertu ahalko da, telebistetan, irratietan eta bideoak trukatzeko plataformetan (YouTuben, adibdez), alarma-egoerak indarrean jarraitzen duen bitartean.
- LTDko zerbitzuak ematen dituztenentzako 15 milioi euroko laguntzak onartu dituzte.
- Autonomoek eta aldi baterako lan-erregulazioan daudenek kosturik gabe berreskuratu ahal izango dituzte euren pentsio-planak.
- Autonomia erkidegoek hilero jakinarazi beharko diote Ogasun Ministerioari zein jarduketa egin dituzten koronabirusaren hedapenak eragindako larrialdi-egoerari aurre egiteko. Udalek hiru hilero egin beharko dute hori.