Ekonomia -
Espainiako burtsa
Ibex 35 % 14 baino gehiago hondoratu da, inoizko beherakadarik handiena
Europako Banku Zentralak koronabirusaren aurrean hartutako neurriek ez dituzte inbertitzaileak konbentzitu.
Agentziak | Erredakzioa
Ibex 35ek inoizko beherakadarik handiena izan du, % 14,06 egin baitu behera. Ondorioz, 6.390,9 puntutan itxi du, 2012ko abuztuan izandako mailan.
Koronabirusaren gaitzak eragindako izuaren ondorioz, burtsako saiorik txarrena egin du selektiboak, 2016ko ekainean britainiarrek Europar Batasuna uztea erabaki zuten egunean izandako % 12,35eko hondoratzea gaindituz.
Europako Banku Zentralak koronabirusaren aurrean hartutako neurriek ez dituzte inbertitzaileak konbentzitu. Erakundeak interes tasei eustea erabaki du, eta horrek ez dio oso ondo egin merkatuari. Erreserba Federalak (Fed) eta Ingalaterrako Bankuak larrialdian egindakoen ildo bereko mugimendua espero zuen, koronabirusak ekonomian duen eragina hein batean arinduko zuena.
Horren ordez, 2020ko ekainera arteko aldi baterako likidezia enkanteak onartu ditu dibisa-agintaritzak, eta urte amaierara arte 120.000 milioi euroko aktiboen ezohiko erosketa baimendu du.
Espainian, Gobernuak 18.225 milioi euroko talka neurri sorta iragarri du koronabirusaren ondorio ekonomikoak arintzeko. Horren barruan sartuko da zerga zorrak sei hilabetez atzeratzea eta zatikatzea, interesik gabe, 14.000 milioi euroko likidezia-injekzioarekin enpresa txiki eta ertainentzat eta autonomoentzat. Halaber, 400 milioiko kreditu-linea bat ere aurreikusten du turismoko sektorearentzat eta 2.800 milioiko transferentzia bat autonomia erkidegoentzat.
Munduko burtsek galera historikoak izan dituzte
Mundu osoko burtsek historiako egunik negatiboenetako bat bizi izan dute. Zenbait kasutan errekorrak ere izan dituzte.
Europako postuetan, Milanek % 16,92 galdu du, Parisek % 12,28, Frankfurtek % 12,24 eta Londresek % 10,87.
Aurretik, Asian, Tokiok % 4,41 egin du behera; Hong Kongek, % 3,66; Shanghaik, % 1,52; eta Seulek, % 3,87. Japoniako Nikkeik mailarik baxuena ia hiru urtean markatu du, eta Kospi korearrak, lau urte baino gehiagotan.
Wall Streeten, Dow Jonesek % 8 baino gehiago galdu du, eta 1987ko "krak"az geroztik izan duen saiorik txarrenera bideratu da.