Ekonomia -

EUSKAL FLOTA

Arrantzaleak, 2020ko arrantza kuotak zertan geratzen diren jakiteko zain

Gaur hasiko da negoziazioa. Europako Batzordeak legatzaren harrapaketa kuota %20 jaitsi nahi du eta txitxarroarena %42. Murrizketa horiek gehiegizkoak direla uste dute arrantzaleek.

Astelehen eta asteartea erabakigarriak izango dira euskal flotarentzat. ETBren artxiboko irudia.
Astelehen eta asteartea erabakigarriak izango dira euskal flotarentzat.
Astelehen eta asteartea erabakigarriak izango dira euskal flotarentzat. ETBren artxiboko irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arrantzarako Europar Batasuneko Ministro Kontseiluan gaur hasiko dira negoziatzen datorren urteko arrantza kuotak. Adituek egin dituzten proposamenak mahai gainean,  Europako Batzordeak legatzaren arrantza kuota %20 murriztea eta mihi-arrainaren eta txitxarroaren kuota %42 txikitzea planteatu du, besteak beste. Murrizketa horiek flota komunitario guztiari aplikatuko litzaizkioke.

Eugenio Elduayen, Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak gaitzetsi egin ditu portzentaje horiek Euskadi Irratian: "Pentsatzen dut faktore sozioekonomikoak begiratu behar direla, zeren familia asko bizi dira horretatik eta honelako murrizketak, %30 eta %40koak gehiegizkoak dira. %5 eta %10 inguruko murrizketak egitea pentsatu behar da, eta epe luzeagoa jarri behar da; bestela, arrantza igual hobetuko da baina arrantzaleak bidean geratuko dira" esan du.

Euskal arrantzaleek adi itxarongo diote, beraz, negoziaketaren emaitzari. Ezustekorik ezean, astearte eta asteazken arteko gau-goizaldean iritsiko da albistea.

Gaur hasi, eta bi egunez, Ozeano Atlantikoan eta Iparraldeko itsasoan TAC edo Gehienezko Harrapaketa Tasa ezarriko dute 2020rako. Espainiako ordezkariek esan dute legatza eta txitxarroan Europak egin nahi dituen murrizketak txikiagoak izatea lortzen saiatuko direla. Legatzaren kasuan, murrizketa %3koa izatea nahi dute, stockak hori ahalbidetzen duela uste dutelako.

Kantauriko txitxarroari dagokionez, Espainiako Gobernuak uste du ez dela beharrezkoa %42 murriztea kuota eta Finisterren zein Kadizko Golkoan harrapatzen dena, Europak murriztu nahi duen %50etik jaistea ere espero dute. Zientzialariak kuota jaitsi ez, baizik eta igo egin daitekeela adierazi dutela esango dute negoziaketan.

Kantauriko zigalan ez dute uste "hobekuntzarik" lortuko dutenik. Bosgarren urtez jarraian itxita mantendu nahi du Bruselak espezie horren arrantza.

Bestalde, Itsaso Zeltikoan Espainiako flotak bakailaora "sarbiderik" ez izatea kezkagarria dela esan dute Espainiako agintariek, arrantzaleek ez baitute kuotarik baina horrekin topatzen dira legatz, oilareta rape bila joaten direnean iparraldera eta lehorreratzeko betebeharra eragiten die horrek.

Iberiar uretan %3 jaitsi nahi du Europak, bestalde, rapearen arrantza, baina Bizkaiko Golkoan %8 handitzea eta Sole Handian %7 areagotzea aurreikusten du.

Gainera, oilar harrapaketa kuota ere handitzea planteatzen du Europak, Kantauri itsasoan, Portugalgo kostan eta Kadizko Golkoan %12 eta Bizkaiko Golkoan %8.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EB Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Arrantza Iparraldeko kostaldea albisteak