Ekonomia -

EAEko aurrekontuak

EAEko aurrekontuen aurreakordioak 2020an eta 2021ean 200 milioi mugitzea dakar

Jaurlaritzarekin dagoeneko adostutako ekimenetako batzuk aurkeztu ditu Lander Martinezek, eta "bide onetik" doazen gai gehiago negoziatzen jarraitzen dutela adierazi du.

Atzoko bilera EAEko aurrekontuei buruzko akordioak lortzeko. Argazkia: EFE
Atzoko bilera EAEko aurrekontuei buruzko akordioak lortzeko
Elkarrekin Podemos abstenitu egingo da aurrekontuen inguruko bozketan

1:55

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren eta Elkarrekin Podemosen arteko aurrekontuen aurreakordioak aukera emango dio alderdi moreari bi urteren buruan 200 milioi euroko destinoa erabakitzeko, kontu-sailetako batzuk 2021erako konpromiso-kredituak baitira.

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak agerraldia egin du asteazken honetan, Jaurlaritzarekin adostutako ekimenetako batzuk aurkezteko; izan ere, 59 milioiko balioa dute hezkuntza publikoaren, berdintasunaren, klima aldaketaren eta enpresen errotzearen eta ludopatiaren prebentzioaren arloetan.

Martinezek azaldu duenez, hezkuntza publikoarekin eta, bereziki, babes sozialarekin lotutako gai gehiago negoziatzen jarraitzen dute, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen % 2tik gorako diru-sarrerak bermatzeko errentaren igoera barne. Gai horren inguruan oraindik akordiorik ez dagoen arren, elkarrizketak "bide onetik doazela" esan du.

Bestalde, bozeramaile morearen esanetan, Elkarrekin Podemosek ez du aurrekontu proiektuaren alde bozkatuko, abstenitu egingo direlako, eta horrek "akordio politikoren bat" izango du bere artikuluetan, alokairuaren prezioei buruzko aipamen bat, adibidez.

Aurreakordio horrek barne hartzen du ezkerreko koalizioak Gobernuaren kontuei osoko zuzenketarik ez aurkezteko eta oposizioko gainerako taldeek aurkez ditzaketenak ez babesteko konpromisoa. Aurreakordioak ez ditu Ezker Anitzako bi legebiltzarkideak lotzen, izan ere, Elkarrekin Podemosen parte diren arren, ez dute Exekutiboarekin negoziatu.

Hezkuntza publikoa

Jaurlaritzak jada onartu dituen Elkarrekin Podemosen proposamenen artean dago hezkuntza publikora bideratutako diru saila hamar milioi eurotan handitzea, errenta baxuak dituzten familietatik datozen ikasleen kontzentrazio handia duten ikastetxeetarako azpiegiturak eta baliabideak hobetzeko asmoz. Gainera, talde horrek Exekutiboarengandik konpromiso handiagoa lortzea espero du, goi-mailako irakaskuntzaren doakotasuna bultzatzeko.

Arrisku kapitaleko funts batera hamar milioi euro bideratzea ere onartu du Jaurlaritzak, "enpresa bideragarrien deskapitalizazioa saihesteko" eta konpainia horiek EAEn duten "errotzea" sustatzeko, Martinezek azaldu duenez.

15 milioi ingurumenerako

Era berean, bi aldeen arteko aurreakordioak 15 milioi euroko gehikuntza jasotzen du ingurumena babestera eta klima aldaketaren aurkako borrokara bideratutako jarduketetan.

Ekarpen horren bidez, ibilgailu elektrikoak erosteko, autokontsumo elektrikoa sustatzeko, uholdeak prebenitzeko eta trantsizio energetiko "justu" bat bultzatzeko neurriak finantzatuko lirateke.

Beste hiru milioi euro berdintasuna sustatzeko jarduketen gehikuntzara bideratuko lirateke, senideen eta etxearen zaintzan sexuen arteko "erantzukidetasuna" zabaltzeko, indarkeria matxista prebenitzeko edo emakumeen enplegagarritasuna "oso maskulinizatuta" dauden sektoreetan bultzatzeko jarduketetara.

Enplegua, 20 milioi gehiago

Martinezek azaldu duenez, Jaurlaritzak enplegua sustatzeko 20 milioi euro gehiago jartzea ere onartu du, eta kopuru horrekin eskualde mailako enplegu-planak finantzatuko dituzte, besteak beste, egoera ahulean dauden edo emakumeen langabezia-tasa altua duten eremuetan, baita soldata-arrakalari aurre egiteko eta 'enplegu berdea' bultzatzeko politikak eta autonomoentzako 'lehen aukera' programa espezifiko bat martxan jartzeko ere.

Jaurlaritzak bere gain hartu duen beste konpromisoetako bat 436.000 euro ludopatiaren prebentziorako eta tratamendurako funts batera bideratzea da. Nolanahi ere, Martinezek zehaztu du bere taldeak espero duela neurri horiei Jaurlaritzaren konpromiso berriak gehitzea datozen egunetan, aurrekontuen negoziazioan oraindik gai garrantzitsuei aurre egiteko baitaude.

Oraindik adostu ez den gaietako bat DSBEaren igoera da, Gobernuak datorren urtean % 2 handitzea aurreikusten baitu; E-Podemosek, berriz, % 8ko igoera eskatu zuen hasieran. Martinezek ez du zehaztu zein den bere taldea onartzeko prest legokeen igoera portzentuala, baina ohartarazi du DSBE "justu eta nabarmen" igotzea lortu nahi duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EAEko Aurrekontuak