Ekonomia -
Langabezia
Langabeziak % 1,5 egin du gora EAEn urrian, eta % 4,67 Nafarroan
Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren datuen arabera, Euskadin 115.341 langabe daude, eta Foru Erkidegoan, aldiz, 31.858.
Agentziak | Erredakzioa
Langabeziak % 1,5 egin du gora urrian Euskal Autonomia Erkidegoan, eta % 4,67 Nafarroan, astearte honetan Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioak argitaratutako datuen arabera. Hortaz, guztira, 147.199 langabe daude Hego Euskal Herrian: 115.341 EAEn eta 31.858 Foru Erkidegoan.
Euskadin, aurreko hilabetean baino 1.707 langabe gehiago zenbatu dituzte; Nafarroan, berriz, 1.421 gehiago.
2018ko urriko datuekin alderatuta, hala ere, langabeziak behera egin du EAEn; izan ere, iaz hilabete horretan baino 7.074 langabe gutxiago daude, hau da, % 5,78 gutxiago. Nafarroan ere egin du behera langabeziak urtebetean: 1.320 langabe gutxiago daude, % 3,98 gutxiago.
Gizarte Segurantzan afiliatuta dauden langileei dagokienez, Ministerioak jakitera eman du 2019ko urrian 978.175 afiliatu zeudela Euskadin, eta 291.465 Nafarroan. Iraileko datuekin alderatuta, % 1,73ko gorakada izan da EAEn (16.593 afiliatu gehiago), eta % 0,91koa Foru Erkidegoan (2.641 afiliatu gehiago).
Duela urtebeteko datuekin alderatuta, Gizarte Segurantzarako afiliatuen kopuruak % 2,04 egin du gora EAEn (19.567 gehiago daude), eta % 2,67 Nafarroan (duela 12 hilabete baino 7.569 afiliatu gehiago).
Gorakadarik handiena, Gipuzkoan
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Gipuzkoan izan du langabeziak gorakadarik handiena: 551 langabe gehiago daude bertan, irailean baino % 1,85 gehiago (guztira 30.265 lagun daude langabezian). Bizkaian, 1.073 langabe gehiago daude, % 1,65 gehiago (guztira 66.039 langabe daude). Araban, berriz, 83 lagunek eman dute izena Lanbiden (guztira 19.037 langabe daude, irailean baino % 0,44 gehiago).
2018ko datuekin alderatuta, aldiz, Gipuzkoan izan da langabeziaren jaitsierarik nabarmenena. Hain zuzen ere, % 6,12 egin du behera (1.074 langabe gutxiago); Bizkaiko beherakada % 5,86koa izan da (4.110 langabe gutxiago), eta Araban, % 4,94koa (990 langabe gutxiago).
Arestian esan bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan 115.341 langabe zenbatu dituzte urrian; horietako 8.411k 25 urte baino gutxiago dituztenez, adin-tarte horretan langabeziak gora egin du azken hilabetean, 420 langabe gehiagorekin.
Gizonezkoetan, 1.570 langabe gehiago izan dira urrian (guztira 49.724 daude); emakumezkoetan, 137 langabe gehiago daude (guztira, 65.617).
Datuak sektoreka aztertuta, langabeziaren gorakadarik handiena Zerbitzuetan izan da; izan ere, 775 langabe gehiago zenbatu dituzte bertan. Nekazaritza dago zerrenda horretan bigarren tokian, 382 langabe gehiagorekin.
Urrian erregistratutako kontratuak kontuan izanez gero, guztira 105.680 zenbatu dituzte, irailean baino 5.175 gehiago; horietako 8.847 kontratu mugagabeak ziren (irailean baino 659 gutxiago), eta 96.833, aldi baterakoak.
Erne egoteko deia egin du Artolozabalek
Bestalde, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzak Enplegu sailburuak ohartarazi duenez, "langabezia % 10etik behera finkatzea ez da lan erraza izango nazioarteko gaur egungo ziurgabetasun egoeran", baina, bere ustez, "egingarria da", urrian langabeziak gora egin badu ere.
Sailburuaren arabera, kopuru horiek "are erneago" egotera behartzen dute, nahiz eta 2018ko urriko datuekin alderatuta 7.074 langabe gutxiago egon.
Langabezia % 10etik behera finkatzeko, Artolazabalek uste du prest egon behar dela "aurreikus daitekeen atzeraldi ekonomiko bati aurre egiteko" eta neurri gehiago jarri behar direla martxan "batez ere kolektibo ahulenen enplegagarritasuna bultzatzeko".
"2020rako euskal aurrekontuak onartzeak langabeziaren aurkako tresna bikaina emango liguke", azpimarratu du sailburuak ohar batean.
"Enplegua sortzeko joera orokorrari eustea da garrantzitsuena", esan du sailburuak, eta hori lortzeko ekintzak "Eusko Jaurlaritzaren 2020rako aurrekontuen proiektuan jasota" daudela azpimarratu du.
Maeztu: "Datua ezin da modu bakanduan hartu"
Nafarroan, Maria Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak izan ditu hizpide datuak; Maeztuk onartu du langabeziak urrian izandako gorakada bereziki negatiboa izan dela, kontuan izanik 2011tik hona ez dela jaso azken hilabetekoa bezalako igoerarik.
Dena den, kontseilariak berretsi du datua ezin dela modu bakanduan hartu; esan duenez, denborazko ikuspegi handiagoan kokatu beharko litzateke, bilakaera edo joera aztertze aldera, eta egungo testuingurua ere ez da zertan ahaztu.
Hala, une hauetan aldekoa ez den urtaroko joera ere kontuan izanik, eta egungo dezelerazio ekonomikoari ere erreparatuta, esan du termino kuantitatibo eta kualitatiboan begiratu behar zaiela ondorengo hilabeteotan enpleguan izan litezkeen eragin negatiboei, neurriak ezarri eta erabakiak hartzea xede.
Urrian langabeziak nabarmen gora egin badu ere, Gobernuak gogora ekarri du 2013ko otsailean jaso zela langabezia-tasarik altuena; hilabete hartan, 56.524 langabe zeuden Foru Erkidegoan. Horrek esan nahi du ordutik langabeziak % 43,6 egin duela behera, eta 24.666 langabe gutxiago daudela.
Kontseilariak zehaztu du, horrez gain, Nafarroan, autonomia-erkidego guztiak aztertuta, langabeziaren beherakada handienetakoa izan dela azken urtean; halaber, enpleguaren hazkundeak "garrantzitsua eta positiboa" izaten jarraitzen du.
Maeztuk azpimarratu du Foru Erkidegoak afiliazio-kopuru handiena duela: "Inoiz ez da izan hainbeste lagun lanean gurean". Datuak, esan duenez, "logikoak" dira; izan ere, bertako hazkunde ekonomikoa Espainiako batez bestekoa baino handiagoa izan da, nahiz eta moteldu den, "inguruan ditugun zalantza-eragileengatik".
Testuinguru horretan, adierazi du ez dagoela zertan alarma-mezurik zabaldu, baina bai zuhurtzia eskatzea.
Estatuko datuak
Estatuan, urriko datuak aztertuta, 3.177.659 langabe daude. Hilabete horretan, 97.948 langabe gehiago zenbatu dituzte; langabezia 2012tik ez da hainbeste hazi urrian.
Estatuan, 19.429.993 pertsona daude Gizarte Segurantzan afiliatuta; 106.541 lagun gehiago afiliatu dira urrian. 2018ko datua kenduta, urrian izandako gorakadarik handiena da hori.
Urtebetean, langabeziak behera egin du Estatu mailan: 77.044 langabe gutxiago daude. 2013tik, urte arteko beherakadarik txikiena izan da. Afiliazio kopuruari dagokionez, 436.920 lagun gehiago daude Gizarte Segurantzan izena emanda, % 2,3 gehiago; datu horrek 2014ko hasieratik izan duen gorakadarik txikiena.