Ekonomia -

Aurrekontuak

Azpiazuk, PPren proposamenaz: 'Hotzikarak ditut, zergak murriztearen eskariarekin'

Sailburuak eskatu die alderdiei proposamen "errealistak" egitea, Aurrekontuen negoziazioan, eta adierazi du sailburu "arduragabea" izango litzatekeela luzapenean pentsatzen ibiliko balitz.

Pedro Azpiazu sailburua, gaurko hitzaldian. Argazkia: EFE.
Pedro Azpiazu sailburua, gaurko hitzaldian. Argazkia: EFE.
Pedro Azpiazu sailburua, gaurko hitzaldian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia sailburuak ziurtatu du PPk EAEko Aurrekontuak babesteko egin duen eskariarekin, alegia, zergak 1.500 milioi eurotan murrizteko eskariarekin, "hotzikarak" dituela; halaber,  alderdiei proposamen "errealistak" egitea eskatu die, Aurrekontu horien negoziazioan.

Azpiazuk Bilbon egin ditu adierazpen horiek, Forum Tribuna Euskadi topaketan, eta adierazi du ez duela aurreikusten, sailburu gisa, aurrekontu-luzapenik: "Luzapenean pentsatzen ibiliko banintz, errazagoa izango litzateke niretzat , baina ni, sailburua naizen aldetik, arduragabea izango nintzateke".

Hortaz, baieztatu du lanean ibiliko dela Aurrekontua onar dadin, eta akordioak "guztiekin" erdiesten saiatuko dela; nolanahi ere, egiaztatu du alderdi batzuekin "zailagoa" ematen duela, eta, hain zuzen ere, PP aipatu du.

PPk proposatu du zergak 1.500 milioi eurotan murriztea, eta Azpiazuk esan du "hotzikarak" izan dituela horrekin, kontuan izanik zenbat kostatu izan zaion Aurrekontua egitea: "Eta, gainera, proposamena zen koefiziente bertikala hamar puntutan aldatzea, Jaurlaritzaren aurka; hortaz, beste 1.000 milioi ari zitzaizkidan kentzen", gehitu du.

Sailburuak adierazi du proposamenak "errealistak" izan behar direla; bestela, "ez dira planteamendu politikoak". "Politikan egindako planteamenduen helburua izan beharko litzateke akordioak adostea, inplementatu ahal izatea, eta jarduera hori herritarrentzako ona izatea", zehaztu du Azpiazuk. Haren iritziz, batzuetan, batzuek ahazten dute "Jaurlaritzak herritar guztien onerako lan egiten duela".

Aurrekontuek langabeziaren aurreko erantzunik ematen duten aztertuko du Elkarrekin Podemosek

Bere aldetik, Podemos Euskadiko Komunikazio idazkari Andeka Larreak nabarmendu du Elkarrekin Podemoseko talde parlamentarioak aztertuko duela Jaurlaritzaren Aurrekontuek langabeziaren aurreko erantzunik ematen duten, bai eta errenta erdien erosteko ahalmenaren galerarako konponbiderik proposatzen duten.

Bilbon, prentsaurrekoan, Larreak azaldu du Aurrekontuen proiektua aztertzen ari direla, oraindik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Ekonomia PP Bizkaia Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Aurrekontu Publikoak 2024