Ekonomia -

Aurreikuspen ekonomikoak

EAEko ekonomia espero baino gutxiago haziko da 2019an, Laboral Kutxaren arabera

Aurretik egindako iragarpena bi hamarren jaitsi du: % 2,4tik % 2,2ra. Moteltze horrek eragina izango du enpleguan, 2020rako 28.000 lanpostu sortuko direla aurreikusi badu ere.

Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga, prentsaurrekoan. Argazkia: Laboral Kutxa
Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga, prentsaurrekoan.
Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga, prentsaurrekoan. Argazkia: Laboral Kutxa

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomia espero baino gutxiago haziko da, Laboral Kutxaren arabera, eta, ondorioz, aurretik egindako iragarpena bi hamarren jaitsi du: % 2,4tik % 2,2ra. 2020an ere, beheranzko joera horri eutsiko zaio, eta Barne Produktu Gordina % 2,1 haziko da.

Euskal Ekonomiaren Txostena (2018) aurkeztu dute prentsaurrekoan Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa Departamentuko zuzendariak eta Ibon Urgoiti Negozio Garapenerako zuzendariak.

Madariagak azaldu duenez, EAEko ekonomia "uhartea" da, Europako mailatik gora hazten ari delako, baina nazioarteko egoerak eragin eragiten dio: dezelerazioaren "olatu globala", "aurreikusi ezin diren Trumpen erabakiek" sortzen duten tentsio eta ziurgabetasun giroa, AEBren eta Txinaren arteko merkataritza gerra, brexit-a...

Ziurgabetasun baldintza horiek kalte egiten die enpresen inbertsio asmoei, eta horrek, enpleguaren sorrerari.

Ekonomiaren hazkundearen moteltzeak "enplegu sorreran dinamismoa galtzea" ekarriko du, Madariagaren esanetan. Nolanahi ere, 2020rako 28.000 lanpostu sortuko dira, aurreikuspenen arabera. 2019ko datuei erreparatuta, langabezia-tasa % 9ren bueltan geratu eta afiliazioa % 2 haziko dela aurreikusi du Laboral Kutxak.

Madariagak aitortu duenez, Espainiako ezegonkortasun politikoak (gobernua osatu barik egotea eta Kataluniaren egoera) "ziurgabetasun handiagoa" dakar, eta horren harian, "garrantzitsutzat" jo du Espainiako Gobernua egotea.

Pentsioen sistema erreformatu behar dela ere erantsi du Laboral Kutxako Ikerketa zuzendariak. Horren hitzetan, 18.000 milioi euroko defizita du gaur-gaurkoz sistema horrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Langabezia Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Laboral Kutxa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak