Ekonomia -

'Euskal Y'

AHTaren Gasteizko zatia egiteko kostua aurreikusitakoa baino % 20 gehiago izango da

Proiektuak 872 milioi euroko aurrekontua du, aurreikusitakoa baino ia 150 milioi gehiago. Hiriburutik ateratzeko bi aukera eman baditu ere, Ministerioak nahiago du Arkautitik irtetea.

Horrela izango da AHTren geltokia Gasteizen. Argazkia: Gasteizko Udala
Horrela izango da AHTren geltokia Gasteizen.
AHTaren Gasteizko zatiak esandakoa baino 150 milioi euro gehiago balioko du

1:32

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako jarduneko Gobernuaren Sustapen Ministerioak gaur kaleratu du Abiadura Handiko Trenak (AHT) Gasteizen izango duen tartearen txosten informatiboa, Ministerioak berak ohar batean jakinarazi duenez.

Hilabeteko atzerapenarekin egin dute argitalpena Espainiako Aldizkari Ofizialean, Eusko Jaurlaritzak hainbatetan eskatu ostean. Aurkeztutako proiektuaren arabera, 3,6 kilometroko tartean, Pedro Asua kaletik Salburuko bulebarreraino, lur azpitik joango da trena. Horrez gain, bi lotune aukera proposatu dituzte. Guztira, 872,2 milioi euroko aurrekontua du proiektuak, hasieran aurreikusitakoa baino ia 150 miloi gehiago (% 20).

Izan ere, urtarrilean Ministerioak, Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak sinatutako hitzarmenean jaso zutenez, 724 milioiko aurrekontua zuen proiektuak, eta kopuru hori azpimarratu zuen Jose Luis Abalos ministroak berak.

Ministerioak nahiago du Arkautiko bidea

Gaur argitaratutako txostenaren arabera, Krispiñatik (Jundizko logistika zentroaren ondoan) Arratzua-Ubarrundia - Legutio arteko tartean 14,3 kilometroko trenbidea paratu beharko dute, tren lasterra Arkautitik atera dadin. Beste aukera bat ere aurreikusi du Ministerioak: Salburuko hezeguneen "gainetik" joatea, baina azken hori zuzenagoa den arren, Arkautiko bidea lehenetsi du Espainiako Gobernuak. "Hori da irtenbiderik egokiena", ondorioztatu du.

Arkautitik Altsasu eta Iruñeko korridorearekin lotura egingo dute, Ministerioak eta Euskal Trenbide Sareak ohar banatan zehaztu dutenez.

Oraingoz ez dute erabaki korridore horrekin egin beharreko lotunea Gasteiztik (hala nahiago dute Arabako erakundeek) edo Ezkio-Itsasotik (Jaurlaritzaren hautua) egingo duten.

3,6 kilometro lur azpitik

AHTak 3,6 kilometro lurpean egingo ditu Gasteizen, eta 90.000 metro koadro utziko ditu libre hiri erabilerarako. Geltoki berria Dato kalean eraikiko dute, egungo eraikina moldatuta: 3.140 metro koadroko azalera gehituko zaio eta lur azpiko bi solairu izango ditu.

Behin txostena argitaratuta, alegazioak aurkezteko epea zabaldu dute. 45 egun baliodun dira (epea ohi baino luzeagoa da, udako oporrak tartean direlako).

Urtaran, kezkatuta

Gainkostua ezagutu berritan, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea "kezkatuta" agertu. "Bazen garaia azterlana onetsi eta argitaratu zedin; hala ere, kezkatuta gaude, aurrekontua Abalos ministroak Gasteizen agindutakoa baino handiagoa baita", azaldu du alkateak.

Urtaranek nabarmendu duenez, "zerikusia duten gainerako erakundeekin batera" aztertuko du txostena. "Ministerioak ematen dituen azalpenak entzungo ditugu. Ikusiko dugu zein epe aurreikusten ari diren benetan, Gasteizen abiadura handia sartzea lehentasunezkoa baita hiriarentzat, funtsezko proiektua, eta udal agintaldi honetan ekin behar zaio. Ministerioaren erabateko inplikazioa eskatzen du; beraz, eraikuntza-proiektuak lehenbailehen idazten has dadin eskatu diogu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Araba Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Abiadura Handiko Trena