Ekonomia -
Abiadura Handiko Trena
AHTa Gasteizera iristeko epea ez dela betetzen ari esan du Eusko Jaurlaritzak
Exekutiboaren hitzetan, Atlantikoko tren korridoreak atzerapen "kezkagarria" du, eta eskualde guztien "garapen sozioekonomikoa oztopatzen ari da".
Agentziak | Erredakzioa
Abiadura handiko trena Gasteizera eramateko epeak "ez dira betetzen ari", salatu du Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordeak. Horregatik, "kezka" azaldu du.
Nazioarteko Logistika Erakusketan parte hartu du Aizek, Bartzelonan. Sailburuordearen ahotan, Atlantikoko tren korridoreak atzerapen "kezkagarria" du, eta eskualde guztien "garapen sozioekonomikoa oztopatzen ari da".
Gasteizko Abiadura Handiko Elkartean, erakunde guztiak akordio batera heldu zirela gogorarazi du Aizek. Sarbidea, lurperatzea eta geltoki berriaren proiektua ekainean Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko konpromisoa hartu zuen Jose Luis Abalos Sustapen ministroak bileran.
"Ekaina pasa da eta azterketa informatiborik ez da argitaratu, adostutako egutegia ez dute bete", kritikatu du Aizek. Euskadira abiadura handiko trena ekartzeko orduan "diskriminazioa" salatu du sailburuordeak. 'Euskal Y' bukatzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Atlantikoko korridoreak nazioarteko tren lotura bat behar duela gogorarazi du; Europar Batasunarentzako lehentasuna du 90eko hamarkadatik, aurrenekoz "Europako korridoreen sareak ezarri zirenean, baina oraindik errealitate bat izatetik urrun daude", adierazi du Eusko Jaurlaritzak agiri batean.
Zentzu horretan, Espainiaren abiadura handiko politika zalantzan jarri du Aizek, balantzea "kezkagarria" delako; izan ere, "munduan gutxien erabilitako abiadura handiko sarea du, nahiz eta Txinaren atzetik, kilometro gehien dituena izan".
Gobernua osatzeko denbora hau aprobetxatzeko eskatu dio Aizek jarduneko Sustapen ministroari, tren sektore indartsu, lehiakor, moderno eta berritzaile baten aldeko apustua egiteko, "Estatu itun" baten bidez, "hauteskunde garaiak" gainditzeko eta tren egitasmoak betetzea bermatzeko.