Ekonomia -

Greba itunpeko ikastetxeetan

'Batasun sindikala apurtzen saiatzea' egotzi diote sindikatuek Kristau Eskolari

Itunpeko ikastetxeetan nagusi den patronalak, bestalde, esan du baduela negoziatzeko borondatea baina sindikatuen eskariek 'marko arautzailea' gainditzen dutela.

Langileek Bilbon egin duten manifestazioa. Argazkia: @STEILAS_
Itunpeko hezkuntzako langileek gaur egindako manifestazioa.
Langileek Bilbon egin duten manifestazioa. Argazkia: @STEILAS_

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizarte ekimeneko itunpeko hezkuntzan ikasturteko 23. greba eguna izan dute asteazken honetan, eta bi aldeak urrun daude oraindik. ELA, Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, lanuztea egin dute gaur hezitzaileek, eta bihar ere grebara daude deituta.

Sindikatuak eta patronala mokoka azaldu dira. Langileen ordezkarien esanetan, "batasun sindikala apurtzen saiatu da Kristau Eskola". Itunpeko ikastetxeetan nagusi den patronalak adierazi duenez, bestalde, badu negoziatzeko borondatea, baina sindikatuek "itunpeko marko arautzailea gainditzen duten baldintzak" aldarrikatzen jarraitzen dute.

Miren Zubizarreta ELAko bozeramaileak salatu duenez, patronala "batasun sindikala apurtzen saiatu da". Sindikatuek deituta manifestazioa egin dute langileek Bilbon, eta bertan egin ditu adierazpenak Zubizarretak. Horren esanetan, "izugarria da kalean horrenbeste jende ikustea. Jarraipena oso zabala izan da, beti bezala". Bilboko Udaltzaingoaren arabera, 3.500 pertsona batu dira manifestazioan.

ELAren ordezkariak onartu duenez ,"ezin dugu baieztatu" hurrengo ikasturtean gatazkak jarraituko ez duenik. "Ematen du Kristau Eskolak mobilizazioa desaktibatzeko eta sindikatuen artean nahastea eta zatiketa sortzeko interes handiagoa daukala, akordioak lortzekoa baino", deitoratu du.

Zubizarretak azaldu duenez, "ELAk egin dio proposamena Kristau Eskolari", eta bere erantzuna "erabateko errefusa" izan da. Patronalari aurpegiratu dio, "ELAri iritzi hori helarazi dion bitartean, zentro guztietan zabaldu du, beste sindikatuekin partekatu beharrean". Hori "negoziazioan fede ona ez izatea" da.

Javier Legarreta CCOOren ordezkariarentzat, Kristau Eskolak "joko zelaia lokazteko" borondatea erakutsi du, "gatazka ez konpontzeko amarru zikin bat erabiliz".

Gatazkaren konponbidean Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren benetako inplikazioa eskatzen jarraitzen dute sindikatuek, eta uste dute sektoreko patronalek ez dutela negoziatzeko borondatea.

Patronalaren iritzia

Kristau Eskolak oharra bidali du goizean. Nabarmendu duenez, aldeen artean negoziatzeko borondatea badago ere, sindikatuek "itunpeko marko arautzailea gainditzen duten baldintzak" aldarrikatzen jarraitzen dute.

Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusiak ohar batean azaldu duenez, apirilean zehar bilerak egin dituzte eragile sozial eta politikoekin eta sindikatu nagusiekin, akordioaren bila.

"Zentroen jasangarritasuna eta bideragarritasuna defendatu, hezkuntza proiektuen jarraikortasuna eta etorkizuna bermatu eta langileen baldintzak defendatuko dituen akordio bat lortu nahi dugu", adierazi du.

Ormazabalen hitzetan, alde guztien asmoa da ikasleei eta horien familiei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzea eta, hori dela eta, gatazka ikasgeletara ez lekualdatzea defendatu izan du. Ildo horretan, eskerrak eman dizkie hezkuntza zentroetan "normaltasuna" izatearen alde jardun dutenei.

Bien bitartean, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri zuen 2,6 milioi euro bideratuko dituztela itunpeko ikastetxeetan errefortzu gisa hezkuntza bereziko profesionalak kontratatzeko. Uriarteren hitzetan, sindikatuetako aldarrikapenetako bat da honakoa.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO Steilas Lan gatazkak