Ekonomia -

2019ko lehen hiruhilekoa

Nafarroa eta EAE, Estatuan langabezia tasa baxuenak dituzten bi autonomia erkidegoak

Langabe kopuruak behera egin arren, sindikatuek salatu dute lan-baldintzak okertu egin direla, Hego Euskal Herriko langabezia-tasa Europako handienetakoa dela eta gazteen langabeziak gora egin duela.

% 9,62ra igo da langabezia tasa EAEn. EFEren artxiboko irudia
% 9,62ra igo da langabezia tasa EAEn
% 9,62ra igo da langabezia tasa EAEn. EFEren artxiboko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019ko lehen hiruhilekoan 1.000 langabe gehiago zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan; guztira, 99.600. Horrek esan nahi du, aurreko hiru hilabeteetako datuekin alderatuta, % 0,98 egin duela gora langabe kopuruak, ostegun honetan Estatistika Institutu Nazionalak argitaratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera.

Enpleguari dagokionez, lau autonomia erkidegotan igo da lanean dauden pertsonen kopurua; EAEn, besteak beste. Hain zuzen ere, 5.300 okupatu gehiago daude, hots, % 0,57. Beraz, % 56,60koa da okupazioa gaur-gaurkoz.

Lurraldeka banatuta, Araba da tasa baxuena duena (% 7,54). Gipuzkoan % 8,03koa da langabezia tasa, eta Bizkaian % 11,23koa.

2018ko lehen hiruhilekoaren aldean, 10.500 langabe gutxiago daude (% -9,57).

Estatuan % -11,64koa da batezbestekoa. Han, 93.400 landun gutxiago daude; orotara, 19.471.100. 2018ko bigarren hiruhilekoan, baina, 19,5 milioi okupatu zeuden, 2006az geroztik jasotako kopuru handiena. Bestalde, langabe kopurua hazi egin da: 49.900 pertsona gehiago. Hortaz, 3.354.200 langabe daude Estatuan (% 14,7).

Nafarroako langabezia datuak

6.300 langabe gutxiago, 25.300, zenbatu dituzte Nafarroan urtarriletik martxora, eta langabezia tasa % 8,19koa da; Estatuko baxuena, Biztanleria Aktiboaren Inkestak erakusten duenez.

Okupazioak behera egin du, bestalde. 1.000 pertsona (% -0,40) gutxiago daude okupatuta: guztira, 283.700.

Esan bezala, langabezia tasa Estatuko baxuena da, aurreko hiruhilekoan baino puntu bat eta zortzi hamarren gutxiago. Horrenbestez, azken urtean 2,35 puntu jaitsi da.

Langabe kopuruak behera egin badu ere, ELA sindikatuak ohartarazi du Hego Euskal Herriko langabezia-tasa "Europako handienetakoa" dela. "Europar Batasuna osatzen duten 28 herrialdeetatik, Italiak, Espainiak eta Greziak soilik dute langabezia-tasa altuagoa", nabarmendu dute.    

Halaber, enplegua prekarietatearen kontura hasi dela salatu du; izan ere, "azken urtean sortu diren hiru lanpostutatik bat aldi baterakoa izan da eta, ondorioz, aldi baterako lanaldiaren tasa % 25koa da eta emakumeen % 28 lanaldi ez osoetan ari dira".

Ildo berean, kontratazio gehienak zerbitzuen sektorean egin direla adierazi du sindikatuak, hau da, lan-baldintzak eta ordainsariak prekarioagoak izan ohi diren sektorean.  

Gauzak horrela, gaurko datuak onak ez direla azpimarratu du ELAk, "langabezia-tasa lan-baldintzak okertzearen truke jaitsi delako".

LAB sindikatuak, berriz, gazteen langabeen egoera larria salatu du. Azken hiru hilabeteetan, Hego Euskal Herrian, 25 urtetik beherako beharginentzako 7.500 lanpostu suntsitu direla ohartarazi du. "Gaur, iaz baino 1.900 gazte langabe gehiago daude".

Langabeziaz gainera, lan-baldintzak ere gogor kritikatu ditu LABek, "prekarietatea egungo lan merkatuaren arazo handienetakoa baita".

CCOO sindikatuaren ustez ere, gaurko datuak ez dira onak, langabe kopurua jaitsi bada ere, prekarietatea hazi egin delako.

Ildo horretan, industria sektorean lanpostuak suntsitu direla, gazteen artean langabezia-tasak gora egin duela eta aldi baterako kontratazioak % 25 direla ohartarazi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak