Ekonomia -
EAEko ekonomia
EAEko hazkunde ekonomikoaren aurreikuspena hamarren bat murriztu du Jaurlaritzak
2019rako EAEko ekonomiaren hazkundea eguneratu eta BPGaren % 2,2an kokatu du.
Agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 2019rako EAEko ekonomiaren hazkundea eguneratu eta BPGa % 2,2an kokatu du, aurreikusitakoa baino hamarren bat gutxiago. Hala ere, lanpostuen sorkuntzak % 1,5 gora egingo du, aurreikusitakoa baino hamarren bat gehiago.
Ogasun eta Ekonomia Sailak, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzaren bitartez, 2018ko laugarren hiruhilekoari dagokion Hiruhileko Txostena argitaratu du, Gasteizen.
"Hazkundearen oinarriak EAEn sendoak direla" esan dute; halaber, BPGaren ibilera bigarren seihilekoan hobeagoa izango dela eta ekonomiaren hazkundea mantentzeko "bermeak daudela" azaldu dute.
Beste alde batetik, enpleguari dagokionez, Ogasun eta Ekonomia Sailak egin zituen aurreikuspenek gora egin dute, jardunaldi osoko lanpostu baliokide kopuruak % 1,5 egingo baitu gora 2019an (% 1,4 zegoen aurreikusita), eta % 1,3, 2020an. Horri esker, 2019an 14.800 enplegu gehiago izango dira EAEn, eta beste 12.500 hurrengo urtean.
Horrenbestez, 2019ko desazelerazioa lehenengo seihilekoan emango da batez ere, eta 2020an, orokorrean, aurrerapena % 2,0koa izango da. EAEn, barne eskariak tonu dinamikoa izango du 2019an, eta industria sektoreak azken hilabeteetan erakutsi dituen datu ezkorrenak iragankorrak izango direla uste da.
Beraz, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, euskal ekonomia balio potentzialetan ari da hazten, aurreko urteetan izan genituen % 3aren inguruko hazkundeen ondoren.
Euskal ekonomia % 2,8 hazi zen 2018an
Iazko datuen harira, EAEko ekonomia % 2,4 hazi zen laugarren hiruhilekoan, eta 2018a % 2,8ko hazkundearekin amaitu zen, 2017an izandako emaitza baino hamarren bat azpitik bakarrik. Batez besteko urteko tasen arteko egonkortasun hori, hiruhilekoen araberako oso bilakaera desberdinarekin lortu da.
2018ko lehen hiruhilekoan, BPGaren urte arteko aurrerapena % 3,1ekoa izan zen, eta urtearen amaieran aipatutako % 2,4koa, hau da, intentsitateak zazpi hamarren egin zuen behera. Desazelerazio hori Europar Batasunean, orokorrean, izandakoa baino pixka bat txikiagoa da, urtearen hasieran % 2,4ko hazkundea izatetik azken hiruhilekoan % 1,4koa izatera igaro baitzen.
Kanpoko sektoreak oso leku garrantzitsua bete du 2018ko desazelerazioan. Urtea hamarren bateko ekarpen positiboarekin hasi zuen arren BPGari hiru hamarren murriztuz amaitu zuen. Lau hamarreneko alde horrek, ekonomiak erregistratu duen moteltzearen erdia baino zerbait gehiago justifikatzen du.
Barne eskariak (% 2,6) hamarren batean hobetu zuen hirugarren hiruhileko datua, hiruhileko horretako desazelerazioa motelduz. Azken kontsumoak % 2,2 egin zuen gora, eta kapitalaren eraketa gordina % 4,1 hobetu zen urte artekoan.
Azken kontsumoaren hobekuntza kontsumo pribatuaren bultzada handiagoan oinarritu zen (% 2,6), hiru hamarren hobetu baitzuen aurreko datua. Enpleguaren sorkuntzak erakusten duen indarrari esker, familien kontsumoak zabaltzeko tonuarekin jarraitzen du.
Eskaintzaren aldetik, industriak intentsitate handiarekin hasi zuen urtea (% 3,9), baina dinamismoa galduz joan zen, laugarren hiruhilekoan balio erantsia galdu arte (% -0,2). Bilakaera hori ez da soilik euskal industrian eman, Europako gainerako ekonomietan ere hautematen da, automobilgintzak pisu handia duen ekonomietan, batez ere.
Eraikuntzak nabarmen azkartu zuen bere erritmoa, urtea % 5,6ko hazkundearekin amaitu arte. Zerbitzuen tasei dagokienez, egonkorrak izan ziren, eta % 2,9ko hazkundea lortu zuten, bai laugarren hiruhilekoan eta baita 2018ko batez bestekoan ere. Egonkortasun hori nabarmenagoa da merkataritza, ostalaritza eta garraio blokean (% 3,0), eta bestelako zerbitzuak izenekoan (% 3,1).
18.500 enplegu 2018an
Enpleguak % 2,0 egin zuen gora laugarren hiruhilekoan, eta urte osoan % 2,1, 2017an izan zuen hazkunde bera. Hain zuzen ere. Horri esker, 2018ko laugarren hiruhilekoan, 2017ko epealdi berean baino 18.500 lanpostu gehiago zeuden. Industria sektoreak 3.000 enplegu gehitu zizkion ekonomiari, eraikuntzak lortutakoa (2.400) baino zerbait gehiago. Dena den, zerbitzuak dira enplegu berri gehien biltzen dutenak (12.700).