Ekonomia -

Itunpeko ikastetxeetan

Guraso elkarteak Hezkuntza Sailarekin bilduko dira greban bitartekaritza eskatzeko

Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak handitzea eskatu diote Cristina Uriarte sailburuari.

Itunpeko ikastetxe bateko ikaslea, aitarekin. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Itunpeko ikastetxe bateko ikaslea, aitarekin.
Itunpeko ikastetxe bateko ikaslea, aitarekin. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan deituta dagoen 10 eguneko greba dela eta, bilera dute arratsaldean (15:30) Fecapp, Bidelagun eta Fapae guraso elkarteek Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin. Patronalaren eta sindikatuen artean bitartekaritza lana egiteko eskatuko diote.

Horrez gain, Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak handitzea galdegingo dute. Salatu dutenez, "ikastetxeko bi langile jarri dituzte, oso gutxi da beste gatazka batzuetan ezarri ohi dituzten zerbitzuekin alderatuta, adibidez Bilbobusen edo Bizkaibusen. Gogoan hartu behar dugu umeak daudela tartean".

Ostiralean bilera izan zuten aldeek, baina ez zen auzia konpondu. Inflexio puntua izan da gurasoentzat, eta mobilizazioak iragarri dituzte. Euren ustez, "gatazka ezin da lan borroka gisa bakarrik planteatu".

Gurasoak, bereziki 2. Batxilergokoak, oso arduratuta daude seme-alabek galduko dituzten eskola-orduengatik. 10 greba egunen ostean, ikasleek 152 eskola-egunen % 10 galduko dute.

"Oso atsekabetuta" eta "babesik gabe" sentitzen dira, eta irakasleei erantzukizuna izatea eskatu diete, euren ustez "ez dagoelako eskola-orduak galtzea eta ikasturtea arriskuan jartzea justifikatuko duen argumenturik", Fecapp, Bidelagun eta Fapae federazioetako bozeramaileek esan zutenez.

Sindikatuentzat, ordea, gurasoek badakite "erantzukizun mailak desberdinak direla, eta erantzukizunak eskatu behar dien lekuan eskatu behar dira". "Horregatik, ondo iruditzen zaigu mobilizatzea eta erantzukizunak eskatzea, baita Eusko Jaurlaritzari ere, horiek ere gatazka honen erantzuleak baitira", esan zuen Zubizarretak.

Aspaldikoa da lan gatazka. 10 greba egun horien aurretik, beste sei lanuzte egin zituzten irakasleek urrian eta azaroan, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta. Lan hitzarmena berritzeko egindako azken ahaleginak urriak izan dira sindikatuentzat.

Zazpigarren greba horrek 215 ikastetxetako 120.000 ikasle eta 9.000 langilerengan izango du eragina, EAEko itunpeko sarearen % 70ean.

Sindikatuak eta patronala, aurrez aurre

Bi patronaletako batek, Kristau Eskolak, irakasleen ordezkariak "benetako negoziazioa eragozten" ari direla salatu zuen bileraren ostean. "Aurkeztutako azken proposamenari sindikatuek argudioekin eta planteamenduekin ez erantzutea arduragabekeria" zela esan zuen Mikel Ormazabal zuzendari nagusiak.

Lan-hitzarmena 10 urtez berritu gabe izan ostean, erosteko ahalmena berreskuratzeko negoziazioetan aurrera egitea aldarrikatzen dute langileek; sindikatuen datuen arabera, 2009tik % 12 behera egin baitu langileon erosteko ahalmena. Halaber, DBHko irakasleen soldatak hobetzea eskatzen dute; ziklo bakoitzeko soldata igoera ezberdina eskatzen baitute.

Gainera, behin-behineko langileen lan-baldintzak hobetzea nahi dute; esaterako, 0-3 urte arteko irakasleena, baita laguntza berezia ematen dutenena ere.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak EAE albisteak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza