Ekonomia -
Lan-gatazka
Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeek urtarrileko greba erregistratu dute
2019ko urtarrilaren 16tik 25era egingo dute greba. Lan gatazka horrek 215 ikastetxetan dauka eragina, hau da, 9.000 langileri eta 120.000 ikasleri eragiten die.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan urtarrilaren 16tik 25era egingo duten greba erregistratu dute Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan.
Langileek aurretik beste bederatzi greba egun egin zituzten lan baldintzak hobetzeko; sei ikasturte honetan, eta beste hiru 2017koan.
Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak kazetariei azaldu dienez, patronalak (Kristau Eskola eta AICE-IZEI) proposamen bat bidali die posta elektroniko bidez, baina sindikatuen aldarrikapenei erantzuten ez diola argitu du.
Zubizarretaren esanetan, antza, sektoreko langileen baldintzak jasotzen duen lan-hitzarmenaren negoziazio mahaia deituko dute, baina sindikatuek ez dute horren berri ofizialik, orain arte entzundakoa "zurrumurruak" baino ez baitira.
Hori horrela, negoziatzen ari direla "egiteari" uzteko eskatu dio patronalari eta akordioa lortzen lagunduko duten proposamenak aurkezteko galdatu dio.
Akordioa lortu ezean, sindikatuek mobilizazioekin aurrera jarraitu eta horiek gogortuko dituztela ohartarazi du Zubizarretak.
Bestalde, sindikatuko ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du, lan-gatazkaren harira bere iritzia ez duelako agertu. Lan-gatazka horrek 215 ikastetxeetako 120.000 ikasleri eta 9.000 langileri eragiten die, EAEko itunpeko sarearen % 70ri, hain zuzen.
Lan-hitzarmena hamar urtez berritu gabe izan ostean, erosteko ahalmena berreskuratzeko negoziazioetan aurrera egitea aldarrikatzen dute langileek; sindikatuen datuen arabera, 2009tik % 12 behera egin baitu langileon erosteko ahalmena. Halaber, DBHko irakasleen soldatak hobetzea eskatzen dute; ziklo bakoitzeko soldata igoera ezberdina eskatzen baitute.
Gainera, behin-behineko langileen lan-baldintzak hobetzea nahi dute; esaterako, 0-3 urte arteko irakasleena, baita laguntza berezia ematen dutenena ere.