Ekonomia -
Ontziola
La Navaleko langileek egoerari irtenbidea ematen dionari botoa emango diote
Enpresa-batzordeak ontziolaren alde "dena emateko" eskatu die alderdiei; gobernuei, berriz, ontziola eros dezatela galdatu die.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
La Navaleko langileek elkarretaratzea egin dute gaur (osteguna), Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean. Maiatzean udal eta foru hauteskundeak zein Europakoak izango direla azpimarratu dute; eta, horrenbestez, ontziolaren egoerari "irtenbidea ematen dion alderdiari" botoa emango diotela ohartarazi dute.
Juanjo Llorden enpresa-batzordeko idazkari nagusiak hedabideen aurrean gogora ekarri duenez, orain lau urte alderdi politiko guztiek ontziola "zabalik" nahi zutela adierazi zuten. Beraz, orain ontziolaren alde "dena emateko" eskatu die alderdiei, "ahalegin guztiak egiteko unea heldu delako".
Langileen ordezkariaren esanetan, La Navaleko langile guztiak kaleratzea eta ontziola inbertitzaile nagusi baten esku jartzea proposatu zuten alderdiek eta konkurtso administratzaileak; Llordanen ustez, ordea, hori ez da irtenbidea.
Llordanen ustez, langile guztiei eragiten dien lan-erregulazioko txostena saihesteko, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak erosi beharko lukete ontziola, horrek ziurtatuko bailukeelako ontziolak langile guztiekin "aurrera jarraituko duela". "20 hilabete dauzkagu aurretik eskuartean dugun lana amaitzeko eta hori ezin dugu galtzen utzi", esan du.
Datorren astea "garrantzitsua" dela azpimarratu du langileen ordezkariak, urtarrilaren 10ean Madrilen bilduko baitira SEPI eta UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariekin. Bestalde, egun bat beranduago, urtarrilaren 11n, negoziazio mahaiaren hirugarren bilera izango dute Industria Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak, sindikatuek eta La Navaleko enpresa-batzordeak.
Bilera horretatik ontziola erosteko "konpromisoren bat ateratzea" espero duela esan du Llordanek, "gezurra" baita ontziola erosteko aukerarik ez dagoela. Llordanen ustez, politikarien "borondatea" beharrezkoa da ontziolak aurrera jarraitzeko.