Ekonomia -
Ministroen Kontseilua
Gutxieneko soldata 900 eurora igotzea onartu du Espainiako Gobernuak
Lanbide arteko gutxieneko soldata % 22,3 igoko dute Errege Dekretu bidez, Bartzelonan egindako Ministroen Kontseiluan. 1977tik izandako igoerarik handiena da.
Agentziak | Erredakzioa
Lanbide arteko gutxieneko soldata 2019an 900 eurokoa izatea onartu du ostiral honetan Espainiako Gobernuak, Bartzelonan egindako Ministroen Kontseiluan. Isabel Celaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak eta Hezkuntza ministroak nabarmendu duenez, lanbide arteko gutxieneko soldata % 22,3 igo dute. Celaak gogora ekarri duenez, 1977tik izandako igoerarik handiena da.
Sanchezen gobernuak eta Elkarrekin Podemosek 2019rako Aurrekontuen inguruan hitz egin zutenean adostutako neurrietako bat da hori. Errege Dekretu bidez onartu dute gaur, eta urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean. Espainiako Gobernuak azaldu duenez, 2,5 milioi bat langilek izango dute soldata igoera.
Ministroen Kontseiluaren ostean egindako agerraldian, Celaak nabarmendu du igoera horrekin Europan lanbide arteko soldata handiena duten herrialdeen artean dagoela Espainia.
Lanbide arteko gutxieneko soldata urtero onartzen du Espainiako Gobernuak, Errege Dekretu bidez, eta urtarrilaren 1ean sartzen da indarrean.