Ekonomia -
Urtarrilaren 16tik 25era
Hamar eguneko greba egingo dute urtarrilean gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeek
2019ko urtarrilaren 16tik 25era egingo dute greba. Lan gatazka horrek 215 ikastetxetan dauka eragina, hau da, 9.000 langileri eta 120.000 ikasleri eragiten die.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako sindikatuek hamar eguneko greba deialdia egin dute urtarrilerako (hilaren 16tik 25era), prentsaurreko batean iragarri dutenaren arabera.
ELA, Steilas, COO, LAB eta UGT sindikatuetako ordezkariek adierazi dutenez, patronalek (Kristau Eskola eta AICE-IZEI) ez dute akordioetara iristeko "inolako" borondaterik erakutsi. Horregatik, eta negoziazioaren mahaiaren asteazkeneko bileraren porrotaren ostean, mobilizazioetara jotzea erabaki dute.
Esan bezala, lan gatazka horrek 215 ikastetxetan dauka eragina, hau da, 9.000 langileri eta 120.000 ikasleri eragiten die.
Sindikatuek, besteak beste, lan baldintzak hobetzea, soldaten igoera eta lanpostuak bermatzea aldarrikatzen dute. Hori dela eta, patronalek "arduragabekeriaz" jokatu dutela salatu dute, azken urte honetan izandako bilera guztietan proposamen bera egin dutelako.
"Aurten grebak eta manifestazioak deitu ditugu, baina patronalaren proposamena ez da hobetu. Beraz, lanuzteen dinamika zorroztea besterik ez zaigu geratzen", adierazi dute ohar baten bidez.
Eusko Jaurlaritzak lan gatazka horren aurrean hartutako jokabideari buruz galdetuta, Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak azaldu du patronalak daukala lan baldintzen gaineko "zuzeneko" erantzukizuna, nahiz eta "Jaurlaritzak ere baduen zer egin, azken batean, ikastetxe horiek azpikontrata bat direlako".
Hamar eguneko grebak ikasleengan eragina izango duela ere onartu du Zubizarretak, eta "kezkatuta" agertu da horren aurrean. "Dena dela, ardura hori ezin zaie langileei leporatu", nabarmendu du.
"Hamar urte daramatzagu hitzarmenik gabe; egoera patronalaren esku dago", esan du.