Ekonomia -

2019KO ARRANTZA KUOTAK

EBk legatzaren eta antxoaren kuotak mantendu ditu; berdelarena, % 20 jaitsi

Bost urtean lehen aldiz, Europar Batasunak legatzaren kuota mantendu du. Aurten adina legatz tona harrapatu ahal izango dute 2019an: 5.924 tona. Europako Batzordeak % 14ko murrizketa proposatu zuen.

Baxurako arrantzontzi bat Pasaiako portuan. Artxiboko argazkia: EFE
Baxurako arrantzontzi bat Pasaiako portuan
Baxurako arrantzontzi bat Pasaiako portuan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Arrantza ministroek 2019rako arrantza kuotak adostu dituzte, hamazazpi orduz Bruselan negoziatzen aritu ostean. Legatzaren eta antxoaren kuotak bere horretan mantendu dituzte Kantauri itsasoan; berdelarena, aldiz, % 20 gutxitu dute.

Azkenean, 03:00ak zirenean lortu dute adostasuna.

Legatzari dagokionez, 9.257 tonako kuota ezarri dute Europar Batasunean. Kuota horretatik 5.924 tona Espainiako Estatuari dagozkio. Hasieran Europako Batzordearen proposamena kuota % 14 murriztea zen, baina Batasuneko Arrantza ministroek bost urte iraun duten murrizketekin amaitu dute. Iparraldeko legatzaren kuota, ostera, % 22,7 igo dute.

Antxoaren kuota ere mantentzea erabaki dute (29.770 tona).

Albiste onak itsas oilarrari eta txitxarroari dagokienez ere; izan ere, % 40ko eta % 18ko igoerak adostu dituzte Bizkaiko golkoan eta Kantauri itsasoan, hurrenez hurren.

Albiste txarra, ostera, berdelaren kuotaren ingurukoa da, % 20 gutxitu baitute.

Bazterkinik gabeko arrantza legea

2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, itsasoan harrapatutako guztia porturatu beharko dute arrantzaleek, nahiz eta txikia edo kalitate eskasekoa izan.

Bestalde, elkar trukerako mekanismo bereziak adostu dituzte, nahi gabe harrapatu eta kuotarik ez duten espezieentzat. Luis Planas Arrantza ministroaren esanetan, araudi berriaren ondorioz ez da inor itsasoratu gabe geratuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Europa Lana albisteak Antxoak bideoak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Arrantza Kantauri itsasoa