Ekonomia -
AURREKONTUAK 2018
Pentsio baxuenak 823 euroraino osatzea proposatu du Jaurlaritzak
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak esan duenez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren bidez osatuko lituzkete pentsioak. 40.000 pentsiodunek jasoko lukete laguntza hori.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren bidez 2020an pentsio baxuenak 823 euroraino osatzea proposatu du Eusko Jaurlaritzak, EH Bildu koalizioari bidali dion 2019rako Aurrekontuen azken proposamenean. Hain zuzen, pentsioen igoera mailakatua proposatzen du Jaurlaritzak: % 7ko igoera 2019an, 783,65 euroraino, eta % 5ekoa 2020an, 823 euroko diru-saria osatu arte.
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak eman du horren berri, Bilbon egin duen agerraldian. Horren hitzetan, aurrekontuak onartuz gero, 40.000 pentsiodunek jasoko lukete laguntza hori.
Horrekin batera, enplegu alorrean 45 milioi euroko inbertsioak eskaini ditu sailburuak datozen bi urteetarako, bereziki gazteei, emakumeei eta iraupen luzeko langabeei zuzenduta.
Bestalde, finantzen ikuspegitik jasangarriak diren inbertsioak adostea ere eskaini dio EH Bilduri Jaurlaritzak. 50 milioi euro, Osasuna, Hezkuntza, Ingurumena eta Etxebizitza alorretan inbertsioak egiteko.
Guztira, 140 milioi euro bideratuko lituzke Eusko Jaurlaritzak aipatutako neurriak ezartzera datozen bi urteetan. Horrez gain, kontziliaziorako laguntzetan 2012an ezarri ziren murrizketak ezabatzea proposatu du Jaurlaritzak.
EH Bildurekin akordiorik oraindik ez dutela itxi ziurtatu du, baina "datozen orduotan" adostasun batera heltzeko "itxaropena" agertu du sailburuak. "Garaiz gabiltza oraindik", esan du.
Azpiazuren arabera, aurrekontuen inguruan akordioa erdiestea da "helburu nagusia", eta bide horretan "diskrezioz" lanean ari direla gaineratu du.
Negoziazioak
2019ko Aurrekontuen negoziazioan buru-belarri murgilduta daude Eusko Jaurlaritza eta EH Bildu. Koalizioak Exekutiboaren proposamen bat dauka mahaiaren gainean, pentsio baxuenak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) bidez osatzeko.
Eusko Jaurlaritzako iturrien arabera, azken zubi honetan etengabeko harremana izan dute bi aldeek, jarrerak hurbiltzen saiatzeko.
PPk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatzeko bilkura egingo dute asteartean Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk ez du osoko zuzenketarik aurkeztu, eta bere abstentzioak beste bi taldeenak aurrera egitea saihestu dezake.
EH Bildurentzat, pentsio baxuenak osatzeko formula aurkitzea da gakoa. Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz esan duenez, euren eskumenetatik kanpo dago, eta hori egiteko bide bakarra diru-sarrerak bermatzeko errenta erabiltzea da.