Ekonomia -

Lan-gatazka

ELAk greba deitu du Bizkaiko bulego eta lan-geletan abenduaren 12tik aurrera

UGT, CCOO, LAB, ESK, CGT eta CNT sindikatuek, ostera, ez dute deialdiarekin bat egin. Bestalde, ELAren “negoziazio borondate” falta salatu du Cebek patronalak.

ELAk greba deitu du Bizkaiko bulego eta lan-geletan abenduaren 12tik aurrera. Argazkia: ELA
ELAk greba deitu du Bizkaiko bulego eta lan-geletan abenduaren 12tik aurrera. Argazkia: ELA
ELAk greba deitu du Bizkaiko bulego eta lan-geletan abenduaren 12tik aurrera. Argazkia: ELA

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko bulego eta lan-gela sektorean greba mugagabea deitu du ELAk abenduaren 12tik aurrera, hitzarmenaren negoziazioan Cebek patronalaren “egoskorkeria” eta “xantaia” salatzeko.

Bizkaiko Bulego eta Lan-geletako Hitzarmena 2012az geroztik berritu barik dagoela salatu dute sindikatuko arduradunek prentsaurrekoan, Bilbon. ELAko ordezkariek ziurtatu dutenez, “hitzarmena hiltzat jotzeko lan erreformak aprobetxatu zituen” Cebekek.

Sektoreko langileak “egoeraz jabetu daitezen eta lan-baldintzengatik borroka egiteko”, sindikatuak urteak lanean daramatzala azpimarratu dute ELAko arduradunek.

Sindikatu abertzaleak kritikatu duenez, “sektore gero eta prekarioagoa da, nahiz eta 23.000 behargin izan Bizkaian”. Lan-baldintzak “okertzen” joan direla erantsi du.

ELAk eskatuta, astearte honetan negoziazio mahaiaren 19. bilera egin zutela gogorarazi du sindikatuak. “Proposamen eguneratu bakarrak ELAk planteatu zituen, greba saihesteko gutxieneko akordio bat patronalari proposatuz”, gaineratu duenez.

ELA: "Hitzarmena hiltzat jotzeko lan erreformak aprobetxatu zituen Cebekek"

Bulego eta lan-geletako hitzarmena krisiaren “urterik gogorrenetan” indarrean izan dela nabarmendu du ELAk, eta sektoreko enpresek “etekinak lortu zituzten”, baina “orain, krisirik gabe eta sekulako mozkinekin, antzinatasuna eta gutxieneko soldata igoera bat aplikatzerik ez duela dio Cebekek”.

Aldez aurretik, ostegun honetan manifestazioa egingo dute Bilboko kaleetatik. Protesta 19:00etan abiatuko da Plaza Biribiletik, sektoreko pertsonak guztiek “patronalaren xantaiaren aurrean etsiko ez dutela demostratzeko”.

Gainerako sindikatuek ez dute bat egin

Bestalde, batasun sindikalaren haustura deitoratu dute LAB, ESKA, CGT eta CNT sindikatuek. Erantzukizuna ELA, CCOO eta UGT sindikatuei leporatu diete. Horregatik, “gogoeta egiteko” eta “borroka bateratura” itzultzeko eskatu diete. Sektorean greba mugagabea deitzea baztertu dute sindikatuok oraingoz, baina mobilizazio egutegi bat prestatzen ari dira.

Era berean, sektorean greba mugagabe bat deitzea baztertu du CCOOk. Hitzarmenaren onarpena lortzeko helburuarekin, etorkizunean eman beharreko pausoak erabakitzeko kontsulta bat deitu du abenduaren 12rako.

ELAk deitutako grebarekin bat egingo ez duela iragarri du UGTk. LAB eta CCOOrekin adostutako negoziazio plataforma mantentzearen alde agertu da sindikatua.

Azkenik, ELAren “negoziazio borondate” falta salatu du Cebekek; izan ere, sindikatu abertzaleak greba mugagabea iragarri du patronalaren erantzunari “itxaron gabe”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia ELA Grebak Lana CEBEK Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak