Ekonomia -

Itunpeko hezkuntza

Grebaren jarraipena % 65ekoa izan dela diote sindikatuek; Kristau Eskolak % 28koa

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek elkarretaratze bateratua egin dute Bilbon, Donostian eta Gasteizen, asteazken honetan, bigarren greba egunean.

Itunpeko ikastetxeen langileen manifestazioa Bilbon, atzo. Argazkia: EFE
Itunpeko ikastetxeen langileen manifestazioa Bilbon
Itunpeko ikastetxeen langileen manifestazioa Bilbon, atzo. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itunpeko ikastetxeetako langileek bigarren greba eguna egin dute asteazken honetan. Lanuzteak “jarraipen masiboa” izan duela azpimarratu dute sektoreko sindikatuek. Greba egitera deituta zeuden 9.000 behargin baino gehiago. % 65 inguruk lanuztea egin dute, sindikatuen arabera.

Asteartean aurreneko greba eguna eta manifestazioa egin ondoren, itunpeko ikastetxeetako ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek elkarretaratze bateratua egin dute asteazken honetan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, hitzarmen berri bat aldarrikatzeko. Sindikatuen ahotan, aurreko hitzarmena berritu zenetik hamar urte pasa dira jadanik eta erosteko ahalmenean % 10eko galera jasan dute.

Sindikatuen hitzetan, “langileek greba eta aldarrikapenak babesten” dituztela argi utzi du deialdiari emandako erantzunak.

Kristau Eskola patronalak, aldiz, bigarren greba egunaren jarraipena % 28koa soilik izan dela adierazi du.

Ikastetxe bakoitzeko datuak aztertu ondoren, Araban beharginen % 18k greba egin dutela zehaztu du Kristau Eskolak, Bizkaian % 35ek eta Gipuzkoan % 25ek.

Asteartean ere % 65ekoa izan zen jarraipena, sindikatuon arabera. Joan den ikasturtetik dator lan-gatazka —hiru greba egun egin zituzten—, eta urrian beste bi egunetan egin zuten lanuztea. Azaroan, "patronalak negoziatzeko duen borondate ezaren aurrean", beste lau greba egun deitzea ebatzi zuten sindikatuek (asteartekoaz eta asteazkenekoaz gain, ostegunean eta ostiralean ere dituzte deituta). Besteak beste, hamar urte berritu gabe daraman lan-hitzarmena berritzea eskatzen dute.

Soldatak eta lan-baldintzak hobetzea galdegiten dute. Zehazki, honako eskaerak plazaratu dituzte: langileen erosahalmena berreskuratzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hezitzaileen soldata parekatzea, enpleguari eusteko akordioa hitzartzea, eta jaiotza-tasaren beherakadaren ondorioz itxi daitezkeen ikasgelen ondorioz gal daitezkeen postuei eustea.

Sindikatuon eskaeren aurrean, finantzazio publiko gehiago eskatu zuen asteartean Kristau Eskolak. Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendariaren berbetan, sindikatuen eskaerak "ulergarriak" izan daitezke, baina horiei erantzuna emateko "finantziazioa behar da". Langileek erosahalmena galdu dutela onartu ostean, Eusko Jaurlaritzaren aldetik duela hamar urte adina diru jasotzen dutela salatu du.

Horri erantzunez, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gogorarazi zuen itunpeko hezkuntzaren finantziazioa adostuta eta legean jasota dagoela. Hala, ez da Exekutiboaren "burutazio" bat edo aldebakarreko erabakia.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, bestalde, mahai baten bueltan "negoziatzera" jesartzeko eskatu zien sindikatuei eta patronalari, gatazka "ikasgeletatik" ateratzea, alegia.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Grebak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO UGT azken ordukoa