Ekonomia -

TXALEKO HORIEN PROTESTAK

'Txaleko horien' protestek Iparraldeko errepideak blokeatu dituzte

Erregaien garestitzeak eta zergen igoerak herritarren sumindura eragin du eta kalera irten dira. Dena den, bereari eusteko asmoa berretsi du Gobernuak.

Txaleko horiek errepideak blokeatu dituzte asteburuan. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Txaleko horiek errepideak blokeatu dituzte asteburuan
Txaleko horiek errepideak blokeatu dituzte asteburuan. ETBren bideo batetik ateratako irudia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburuko protesta jendetsuen ondotik, "txaleko horidunak" berriro ere kalera irten dira Iparraldean eta Frantzia osoan, eta errepideak blokeatu dituzte. Erregaien garestitzearen eta zergen igoerak eragin du herritarren sumindura.

Gaur goizean, esaterako, Baionako Grenet zubia blokeatu dute, eta ibilgailuek errei batetik soilik igaro ahal dute. Gutxienez, "txaleko horidun" beste bi talde daude Baiona iparraldean eta Biarrizko ordainlekuan. Gainera, trafiko eragozpenak sortu dira A-63 errepidean Bordelerako bidean eta A-63 eta A-64 errepideek bat egiten duten tokian, bi norabideetan, Akitaniako Trafiko arduradunek jakinarazi dutenez.

Prefeturak jakinarazi duenez, 4.000 pertsonak parte hartu zuten larunbateko protestetan Iparraldean eta Bearnon.

Asteburuko protestetan, gainera, pertsona bat hil zen auto batek harrapatuta, eta 409 zauritu ziren, horietako 14 larri. Halaber, 282 pertsona atxilotu zituzten. Guztira, 280.000 pertsonak parte hartu zuten 2.000 protesta ingurutan.

Iparraldean, gunerik korapilotsuenak Biriatuko ordainlekua eta A-63 errepidea izan ziren.

Dena dela, Frantziako Gobernuak ez du atzera egiteko inolako asmorik erakutsi, eta iragarritako zergei eutsiko die.

Macron presidentearen Gobernuak iragarritako zergen arabera, gasolio litroa 7,6 zentimo garestiagoa izango da, eta 3,9 garestiagoa, gasolina. Urtarriletik aurrera, berriz, 6 eta 3 zentimoko tasa gehigarriak aplikatuko dira, hurrenez hurren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea albisteak Frantzia berriak Baiona Biarritz Hendaia bideoak Ekonomia berriak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Protestak gaur