Ekonomia -

PROTESTAK ERREGAIEN TASENGATIK

'Txaleko horien' protestek A63 errepidea blokeatu dute goiz osoan zehar

Pertsona bat hil da Pont-de-Beauvoisinen, auto batek harrapatuta, eta 227 lagun zauritu dira, horietatik hiru larri, erregaien prezioen igoeragatik egin dituzten protestetan.

'Txaleko horiak' goizean Baionan. Argazkia: Euskadi Irratia
'Txaleko horiak' goizean Baionan. Argazkia: Euskadi Irratia
'Txaleko horidun'ek auto-ilara luzeak eragin dituzte Biriatun

1:27

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Gobernuak erregaien prezioa igo nahi duela eta, hainbat protesta izan dira Frantziako Estatu osoan. 'Txaleko horiak' deituriko manifestariak herrialdeko errepide nagusietara atera dira goizean goiz, errepideak blokeatzeko asmoz.

50.000 pertsona inguruk hartu dute parte protestan, Frantziako Barne Ministerioaren arabera, eta Iparraldeko hainbat autobia geldiarazi dituzte, baita erregai-tangetarako sarbideak ere. Biarritzen eta Hendaian, adibidez, A63a blokeatu dute auto zein traktoreekin errepidera irtenaz. Auto-ilara horiek nabarmenak izan dira Biarritzeko sarreran zein Baionakoan, esate baterako.

Mugan ere arazo larriak izan dira; 11:45ean 7 kilometroko auto ilarak zeuden Biriatutik Baionarako noranzkoan, eta eguerdira arte ez dira amaitu. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ordainleku guztiak itxi egin dituzte Biriatun, Iparralderako norabidean, eta bakarra egon da irekita Iparraldetik Hegoaldera pasatzeko.

BAIONA AUTO ILARAK EUSKADI IRRATIA

Auto-ilarak goizean goiz Baionan. Argazkia: Euskadi Irratia

Pertsona bat hil da protestetan, harrapatuta

Protesta hauen baitan ezbeharra izan da Frantzia hegoaldean. Izan ere, 50 urteko manifestari bat hil da goizean auto batek harrapatuta.

Antza denez, alaba medikuarenera zeraman emakume bat urduri jarri da protestak zirela eta Pont-de-Beauvoisineko bidea blokeatuta ikusi duenean, eta manifestarien kontra talka egin du autoarekin. 50 urteko gizona zendu da istripu horretan.

Poliziak atxilotu egin du auto-gidaria, shock egoeran zela.

Bestalde, Arrasen, 71 urteko gizonezko bat larri zauritu da, auto batek harrapatuta.

Gutxienez 227 pertsona zauritu dira protestetan

Gainera, gutxienez 227 pertsona zauritu dira, horietatik hiru larri, Frantziako Estatu osoan egiten ari diren protestetan.

Barne Ministerioak jakitera eman duenez, 117 lagun atxilotu dituzte, 2.000 elkarretaratze baino gehiagotan; herrialde osoan modu espontaneoan antolatu dituzte. Guztira, 124.000 pertsonak hartu dute parte, herrialdeko 3.200 puntutan.

Agintariei ez diete protesta gehienen berri eman, eta polizien kontrola zaildu du horrek.

Protestetan, Macronen dimisioa eskatu dute, izan ere, eliteagatik bakarrik kezkatzea leporatu diote.

Gobernuak jakitera eman duenez, trafikoan arazoak sortu dira A84 autobidean; Villedieu-les-Poëles eta Avranches arteko 175 nazionalean; Cherburgen, 13 errepidean eta Caenen, 814 errepidean.

Parisen, berriz, ez da horrelako arazorik izan, Poliziaren presentzia nabarmena dela eta. Negoziaketan aritu dira horiek hainbat 'txaleko hori' talderekin hiribururako sarrera erabat ez oztopatzeko.

Erregaiaren prezioaren igoera

Emmanuel Macronen Gobernuak erregaien zergak igotzea erabaki du "trantsizio energetikoa" bultzatzeko. Energia kutsatzaileen erabilera "oztopatu" nahi du horrela, eta aldaketa klimatikoari aurre egin. Horretarako, diesela 7,6 zentimo igotzea erabaki du eta gasolina 3,9 zentimo. Urtarriletik aurrera, gainera, 6 eta 3 zentimoko tasa gehigarria aplikatuko dute, gainera, hurrenez hurren, bi erregai mota horietan.

Herritarren gehiengoa igoera horien kontra dagoela esan dute 'txaleko horiek' eta herritarren babes osoa dutela. Gaur egun 1,48 eurotan dago, batez beste, erregaiaren prezioa Frantzian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea berriak Baiona Biarritz bideoak Hendaia albisteak Ekonomia Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Manifestazioak Gasolinaren prezioaren igoera