Ekonomia -

SESTAO

La Navalen parte-hartzea izateko tresnak badituela uste du Eusko Jaurlaritzak

Arantxa Tapia sailburuaren esanetan, Eusko Jaurlaritza prest dago Sestaoko ontziolan parte hartzea izateko, beti ere inbertitzaile pribatu bat agertzen bada.

Arantxa Tapia sailburua Eusko Legebiltzarrean. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Arantxa Tapia sailburua Eusko Legebiltzarrean
Arantxa Tapia sailburua Eusko Legebiltzarrean. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuak atea ireki dio Eusko Jaurlaritzak Sestaoko La Naval ontziolan parte hartzea izateari. Sailburuak baieztatu duenez, 2019ko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuan bada "nahikoa tresna" hori gauzatzeko.

Tapia Eusko Legebiltzarrean izan da gaur goizean, bere sailak datorren urteko Aurrekontuetan izango duen diru-partidaren xehetasunak emateko.

La Naval ontziolari dagokionez, Eusko Jaurlaritza Sestaoko ontziolan parte hartzea izateko prest dagoela berretsi du. Ontziola ixteko bidean da, administratzaileak La Naval likidatzeko lan-erregulazioko txostena aurkeztu ostean.

Sailburuaren hitzetan, parte hartze horrek ezingo du inoiz kapital guztiaren erdia gainditu, Europako legediak debekatzen duela argudiatuta. Gaineratu duenez, inbertitzaile pribatu bat agertzea eta horrek parte hartze publikoa onartzea ezinbestekoa litzateke.

"Inbertitzaile pribatuak edo pribatuek nahi dutenaren menpe dago: kapital handitze batean parte hartzea nahi duten edo kreditu baten bitartez esku hartzea nahi duten", azaldu du Tapiak. "Hortik aurrera, Sailak nahikoa tresna baditu (datorren urteko aurrekontu proiektuan)", gaineratu du.

Kreditu baten bitartez esku hartzekotan, Finantzen Euskal Institutuaren bitartez egingo luke. Eusko Jaurlaritzak kapitalean parte hartzekotan, ostera, horretarako hainbat funts ekonomiko badaudela azpimarratu du Tapiak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao Azken ordukoa Bizkaia Eusko Jaurlaritza berriak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Albisteak La Naval azken ordukoa