Ekonomia -

Lan-erregulazioko txostena

Bertan behera utzi du Tapiak La Navaleko batzordearekin egin duen bilera

Bestalde, Sestaoko La Navalen inbertitzeko interesa duten enpresa "serioak" daudela iragarri du sailburuak.

Navaleko langileen batzordeko kideak eta Arantxa Tapia gaurko bileran. EFE
Navaleko langileen batzordeko kideak eta Arantxa Tapia gaurko bileran
Tapia mahaitik altxatu da Navaleko batzordearekin egin duen bileran

1:31

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

La Navaleko langile batzordeak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak gaur egindako bilera tentsioz beterikoa izan da, eta sailburuak bertan behera utzi du.

Enpresako zuzendaritzak langile guztiak kaleratzeko espedientea iragarri ondoren, Jaurlaritzak Van Door armadore holandarrarekin negoziatzen jarraitzen du, Sestaon hasitako Alexia izeneko draga bertan amaituz gero inbertitzaile bat errazago agertuko delakoan.

Langileek, berriz, konpromiso zehatzagoa eskatu diote, eta batak zein besteak zapuztuta alde egin dute bileratik.

La Navalek Sestaoko ontziolako 177 langileei eragingo dien lan-erregulazioko txostena aurkeztu du jada, eta enpresari amaiera emateko planak aurrera jarraitzen du.

Langileen batzordea eta sailburua Bilbon bilduta zeudela, langileek elkarretaratzea egin dute bileraren kanpoaldean, "lehendakari zu joan zaitez Cadizera" leloa oihukatuz; Sestaoko ontziola behin itxita, langile gehienak Cadizeko Navantia enpresan hasiko baitira lanean.

Ordu erdiz bilduta egon ostean, sailburuak bertan behera utzi du bilera. Juanjo Llorden langileen batzordeko idazkariaren esanetan, Tapia "haserretu egin da" erantzunik ez zuen galderak egin dizkiotelako.

Sailburuak, berriz, galderarik ez diotela egin eta "ontziola ez dela ixten dioen titularra baino ez zaiola interesatzen" leporatu diotela salatu du. Hori dela eta, mahaitik altxa eta bileratik alde egin duela azaldu du, "ez baitut horrelakorik onartuko".

IRTENBIDEAK

Egoerak okerrera jotzen duen bitartean, sailburuak bi irtenbide aipatu ditu: batetik, Van Oord armadorearekin negoziatzen jarraitzea, denbora irabazteko.

Hala ere, armadorearekin izaten ari diren negoziazioak tentsio handikoak direla esan du sailburuak, baina "oraingoz mahaitik altxatu ez dela eta horrela izaten jarraitu nahi dutela" gaineratu du.

Bestetik, inbertitzaile pribatu baten bila jarraitzen dutela azaldu du Tapiak. Ildo horretan, Sestaoko ontziolan inbertitzeko interesa duten enpresa "serioak" daudela iragarri du sailburuak.

Hala ere, langileen batzordeak ez du inbertitzaile pribatu bat aurkitu nahi eta erreskate publikoa beharrezkoa dela uste du. Hori horrela, "Gobernu zentralak eros gaitzala" eskatu dute berriro.

 

"Errealitate bakarra da bihartik aurrera guk ez dugula kobratuko, eta denbora bukatzen dela"

 

"Langileen % 88ek Navantian lan egitera joateko eskubidea dute, hortaz, Gobernu Zentrala gu erostea ez da errazagoa izango 150 familiak erbestera joan beharrean?, esan du Llordenek.

Langileen batzordearentzat errealitate bakarra "bihartik aurrera kobratuko ez dutela" da, eta "denbora bukatzen dela" salatu dute. "Urtebete izan dute inbertitzaileak bilatzeko eta Van Oord enpresariarekin akordioa adosteko; ez dakit asko edo gutxi lan egin dute, baina ez da emaitzarik izan", azaldu Llordenek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao argazkiak Eusko Jaurlaritza albisteak Lana Espainiako Gobernua Ekonomia Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa La Naval ontziola itxiera Enpresaburuak