Ekonomia -
Gorenaren epaia
Itzuliko al dit Ogasunak amatasun laguntzaren PFEZaren zenbatekoa?
Gorenak emandako epaia PFEZaren Estatuko legeari eragiten dio, baina Bizkaiak, Arabak, Gipuzkoak eta Nafarroak foru arau propioa dute. Itzulketarik egongo ote den argitzen saiatu gara.
Eider Garaikoetxea | EITB.EUS
Ostiralarekin etorri zen albistea. Auzitegi Gorenak ebatzi zuenez, amatasun prestazio publikoei ezin zaie Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga (PFEZ) ezarri, eta emakumeek erditu osteko 16 hilabeteko bajan jasotzen duten prestazioan salbuetsita egon behar du atxikipen horrek. Hala, Zerga Administrazioko Espainiako Agentziak ordura arte ezarritako irizpidearen kontra egin zuen Gorenak, dirutza itzultzera behartuta.
Ordudanik, zalantza sortu da milaka gurasoren artean: Niri ere badagokit itzulketa? (azken lau zerga-ekitaldiei bakarrik eragiten die —2014 urtetik aurrerakoak—, besteak iraungita baitaude) Non eta nola eska dezaket? EAEko eta Nafarroako zergadunen artean handiagoa da duda-muda, Gorenaren epaia Estatuko lege baten gainekoa baita (2006ko PFEZarena). Estatuko lege horrek ez zuen argi uzten prestazioak salbuetsita zeuden ala ez, eta interpretaziorako tartea zegoen. Kontu zalantzagarri horren inguruan irizpidea ezarri zuen Gorenak.
Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan, foru eskuduntzen artean dago PFEZa arautzea, eta hortaz, zerga horren inguruko lege propioa garatu du bakoitzak. Orain arte, Foru Aldundiek Zerga Administrazioko Espainiako Agentziaren irizpide bera izan dute, alegia, laguntzak soldataren parte direla, eta beraz, zerga ezarri behar zaiela. Gorenaren epaiak Estatuaren irizpide hori oker interpretatzen ari zela ondorioztatu zuen, baina argitzeke dago foru legeen inguruan interpretazio bera egin daitekeen. Nafarroan, amatasun prestazioak salbuetsita egon ziren 2012ra arte, baina UPNren Gobernuak, PP eta PSN alderdien aldeko botoekin, legea aldatu eta espresuki aipatu zuen salbuetsita ez zeudela.
eitb.eus lau Ogasunetako arduradunekin harremanetan jarri da, auzia argitzeko asmoz:
ARABA
2013tik, amatasun laguntza lan-etekin gisa hartzen da, eta dagokion PFEZa ezartzen zaio, gaixotasun bajekin egiten den bezala. Hala, amatasun prestazioak ez daude salbuetsita.
Dena dela, egoera ez da beti horrela izan. 2009-2011 ekitaldien artean amatasun eta aitatasun prestazioa salbuetsita egon zen Araban. 2010ean, Arabako Erakunde Juridikoak —zergadunen eta Foru Ogasunaren artean bitartekaritza lanak egiten dituen erakundea— arrazoia eman zion PZEFa kobratu zioten ama bati.
Handik hiru urtera, baina, Arabako Batzar Nagusiek amatasun laguntzen zerga salbuespena kendu zuten, egoera Bizkaikoarekin eta Gipuzkoakoarekin parekatzeko.
BIZKAIA
Bestalde, Bizkaiko Ogasuneko zerbitzu juridikoek epaia "aztertzen" ari direla esan dute, foru araudiari eragiten dion argitzeko.
Erakundeko iturrien arabera, 2013ko PFEZaren foru araudiaren 9.12. artikuluak ezarritakoaren arabera, Erkidegoetatik edo beste toki-erakundeengatik jasotako amatasun eta aitatasun bajen prestazio publikoak salbuetsita daude. Beste hauetan ere, gauza bera gertatzen da: jaiotzatan, erditze bat baino gehiagotan, adopzioetan, adopzio bat baino gehiagotan, seme-alabak kargura dituzten familietan eta zurztasun kasuetan.
Bizkaiko Ogasunak dirua itzuli behar duen argitu "orduko" jakinaraziko die zergadunei.
GIPUZKOA
Bizkaiko Ogasunak, berriz, ezetz biribil batez erantzun du eta Gorenaren epaiak "jurisprudentzia ez duela ezartzen" esan du, epaia "kasu bakar bati egokitzen baitzaio". Hori horrela, Gipuzkoan, "oraingoz", amatasun bajak PFEZaren barruan deklaratzen jarraituko dira.
NAFARROA
2012an legean egindako moldaketak —2013an sartu zen indarrean— "argi eta garbi" uzten du amatasun prestazio publikoen PFEZa ordaindu behar dela. Hortaz, Estatuko legea ez bezala, Nafarroakoa "oso argia" da. Hartara, itzulketak eskatu nahi dituzten emakumeek "zail" izango dute auzitegiek arrazoia ematea, Ogasuneko iturriek azaldu dutenez.
Dena dela, "galera" hori konpentsatzeko seme-alaba edukitzen dituzten familientzako laguntza onartu zuen uztailean Nafarroako Gobernuek. Adostutakoaren arabera, amatasun edo aitatasunagatik bajan egondako gurasoek % 25eko kenkaria izango dute errenta aitorpena egitean. Portzentaje hori progresiboki jaisten joango da diru-sarrerak handituz joan ahala (urtean 105.000 euro baino gehiago kobratzen dutenei ez diete kenkaririk aplikatuko). Laguntza hori 2019an sartuko da indarrean.