Ekonomia -
Osasun sailburua
LEPetan hobekuntzak egon arte ikerketa-batzorderik ez sortzeko eskatu du Darponek
Osasun sailburuak "konfiantza osoa" du Osakidetzaren, Arartekoaren eta Fiskaltzaren ikerketetan, "gertakariak guztiz argitu ditzaten".
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailburu Jon Darponen iritziz, alderdi politikoek itxaron beharko lukete, Legebiltzarrean ikerketa-batzorde bat sortu aurretik, Osakidetzak LEPetan hobekuntzak aurkeztu arte; izan ere, horixe eskatu zion Ganberak. Gainera, Darponek esan du "konfiantza osoa" duela Osakidetzaren, Arartekoaren eta Fiskaltzaren ikerketetan, horiek "gertakariak guztiz argitu ditzaten".
Onda Vascari emandako eta Europa Pressek jasotako elkarrizketa batean, Darponek adierazi du uste duela ikerketek ondorioztatuko dutela "epaimahai gehienek ondo jardun dutela, epaimahaietan dauden Osakidetzako langileak zintzoak direla, eta plaza lortzen duten oposiziogileek, normalean, profesional onak direlako, ikasten dutelako eta zintzoak direlako lortzen dituztela plaza horiek".
Hortaz, espero du ondorengoa bistaratzea: arazorik izan bada, "kategoria oso gutxitan izan dutela eragina", balizko arazoek, eta ez kategoria jakin horietako oposiziogileengan, ez eta epaimahaietan parte hartzen duten profesionalengan.
Esan du parlamentu-taldeen erabakia errespetatuko duela, Ganberan ustezko irregulartasunak aztertzeko ikerketa-batzorderik sortzearen gainean; baina esan ere esan du logikoa ematen duela, haren iritziz, itxarotea Osakidetzak Legebiltzarraren mozioa bete arte, alegia, Osasun Zerbitzu Publikoak sei puntu jakin bete eta Legebiltzarrean hartutako neurrie buruzko azalpenak eman arte.
Halaber, nabarmendu du "konfiantza osoa" duela, eta uste duela Osakidetzaren, Arartekoaren eta Fiskaltzaren ikerketek guztiz argituko dituztela gertakariak: "Beti egon ahal da zalantza, ea zer den onena: abian dagoenari itxarotea, ala Legebiltzarreko ikerketa bat, baina azken hori agian ez da joango guztiz politikoa den kontuaz haratago", adierazi du sailburuak.
"Arautegi batek araututako prozedura oso konplexua"
Kategoria batzuetan errepikatuko dituzten azterketetan epaimahaiak aldatu beharko liratekeen ala ez galdetu diotenean, Darponek azaldu du LEP bat dela "arautegi batek araututako prozedura oso konplexua".
"Epaimahaiak, ez bada frogatzen pertsona jakinen batek zerbait egin duela, ez dago arrazoirik aldatzeko", azpimarratu du; deia egin du, halaber, pertsonen errugabetasun-presuntzioa errespetatzeko.
Nolanahi ere, gogora ekarri du susmopean dauden kategorietako epaimahaiek eurek erabaki dutela probak errepikatzea.
Darponek zehaztu du Osakidetzak LEP asko antolatu dituela, eta nabarmendu ere nabarmendu du prozesua gero eta hobea dela; adierazi duenez, sindikatuekin adostuta zeudela oposizioen oinarriak eta epaimahaietan nortzuk izango ziren: "Alderdi politikoek eta sindikatuek ez zuten oinarrien aurkako helegiterik jarri".
Jon Darponek aseguratu duenez, Osakidetza lanean dabil, Legebiltzarraren mozioak galdegin zuenez, etorkizuneko LEPetan hobekuntzak egon daitezen, "medikuen arloan, hain zuzen ere". Ildo horretan, gogorarazi du Osakidetzak nahi duela, beste inork baino gehiago, ustezko irregulartasunak argitzea.
Sailburuaren iritziz, LEParen arazoak "eragozpen handia" ari da izaten, eta argitzea xede ari dira lanean, baina Osakidetzak ematen duen zerbitzua "balioetsi behar da", haren esanetan.