Ekonomia -

Greba

Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako taxilariak protestan, hirugarren egunez

Bizkaian, gidariak auto ilaran joan dira aireportutik Bilbora. Arratsaldean Sustapen Ministerioarekin egindako bileraren ostean erabakiko dute grebari eutsi ala ez.

Taxilariak aireportutik abiatu dira ilaran. EFE
Taxilarien greba. ETB
300 bat taxilari Loiuko aireportutik Bilbora joan dira, protesta egiteko

1:24

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hirugarren egunez, protesta egin dute gaur Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako taxi-gidariek, besteak beste Uber eta Cabify enpresek dituzten alokairuko auto txoferdunen baimenak mugatzeko abiatutako lanuzteen harira.

Bizkaian, taxilariak (200 inguru) Loiuko aireportuaren inguruan bildu dira goizean. Jarraian, Txorierriko igarobidetik Leioako etorbidera joan dira auto ilaran, Getxoraino, eta ibaiaren ertzeko errepidetik abiatu dira bertatik Bilbora.

Bilbora iristean, Euskalduna zubitik igo, eta Kale Nagusitik Moyua Plazaraino iritsi dira. Ondoren, Kale Nagusira bueltatu dira, eta 20 minutuko protesta egin dute San Mameseko zabalgunean. Ondoren, Loiuko aireportura bueltatu dira, ilaran, protestan.

TAXILARIAK GREBA SAN MAMES BILBO EFE

Taxilariek San Mamesen egin duten elkarretaratzea. Argazkia: EFE

Gidariak Sustapen Ministerioarekin egingo duten bileraren ostean hartzen dituzten erabakien zain daude. Jose Luis Abalos Sustapen ministroa 18:30ean batzartuko da taxi-gidarien eta autonomia erkidegoetako ordezkariekin.

Atzo egindako bileretan, grebari eustea erabaki zuten Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako taxilariek. Gipuzkoarrek, ordea, lanera bueltatzea adostu zuten.

"Oraingoz, promesak dira"

Borja Mussons Taxiaren Euskal Federazioaren presidenteak azaldu duenez, "gaurko eguna nola doan" aztertuko dute, grebari eutsi ala ez erabakitzeko.

Mussonsen hitzetan, baliteke taxilariak protestan jarraitzea, Espainiako Gobernuaren aldetik "aurrerapen bat sumatu" arren; izan ere, "ez da gauza handia". "Oraingoz, promesak dira", azaldu du.

Gipuzkoako taxi-gidariek lanera bueltatzea erabaki dutela eta, erabaki hori errespetuz hartu dutela esan du Taxiaren Euskal Federazioko presidenteak: "Abuztua hilabete zaila da, eta grebak gogorrak izaten dira".

VTC gidarien lizentziak emateko eskuduntza erkidegoen esku uztea "arnasgunea" litzateke "nola edo ahala aurrera egin behar duen kolektibo horrentzat", Mussonsen esanetan, baina "kale-itsu batean" daudela ohartarazi du. "Taxilariak urduri eta haserre gaude, etorkizuna ziurgabetasun handiarekin ikusten dugulako", erantsi du.

Jaurlaritzaren balorazioa

Auziaz galdetuta, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak esan du "positiboa" dela erkidegoek lizentzia mota horien eskuduntza hartzea, baina ohartarazi du "berez" ez dela "konponbidea". Hala, "arazoak zeintzuk diren identifikatu eta irizpide komunak ezartzearen alde" egin du.

Iragarri duenez, Jaurlaritzak udazkenean onartuko du ibilgailu mota horien gaineko dekretua.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bilbo Bizkaia Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak albisteak gaur Garraio publikoa gaur Taxiak