Ekonomia -

Abiadura Handiko Trena

AHTk urtero 8 milioi bidaiari izango dituela esan du Tapiak

EBko Kontu Auzitegiaren txostenaz hitz egiteko agerraldia egin du Garapen Ekonomikorako eta Azpiegituretarako sailburuak Eusko Legebiltzarreko batzordean.

AHTren zubibide bat. Artxiboko irudia: EiTB
AHTren zubibide bat. Artxiboko irudia: EiTB
AHTren zubibide bat. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Euskal Y'ren “errentagarritasun soziala” defendatu du gaur Eusko Jaurlaritzak; izan ere, urtero 8 milioi bidaiari “potentzial” izango ditu eta gainera merkantziak eramango ditu, errepideei trafikoa kenduz. Hala ere, azpiegitura eraikitzeko lanek % 8,5eko gainkostua pilatzen dutela onartu du Exekutiboak.

Europar Batasuneko (EB) Kontu Auzitegiaren txostenaz hitz egiteko agerraldia egin du gaur Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako eta Azpiegituretarako sailburuak, Eusko Legebiltzarreko batzordean.

“Abiadura handiko trenen Europako sarea. Ez da errealitate bat, adabaki ez eraginkorra baizik” izenburupean, abiadura handiko tren lineak eraginkorrak ez direla, eta gainkostuak dituztela dio txostenak.

Iruña eta Bordele arteko abiadura handiko trenak izandako eraginaren inguruan egindako azterketa oinarri hartuta, 'euskal Y'k urtean 8 milioi bidaiari izango dituela azaldu du sailburuak.

TAPIA LEGEBILTZARRA EFE

Arantxa Tapia Azpiegituretarako sailburua Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

Lineak % 8,5eko gainkostua duela onartu du sailburuak; izan ere, 1.845,6 milioi euro xahutu dituzte dagoeneko, eraikitako kilometro bakoitzeko 27,4 milioi euro, Europan batezbeste 25 izan direnean. “Ez gaude hain urrun”, adierazi du Tapiak. Sailburuaren ahotan, Euskadi “ratio oso eraginkorretan” mugitzen ari da.

 

EH Bildu: "8 milioi bidaiari izango dituela esateak ez du zentzurik"

 

Lege berrietara egokitu beharra, tuneletako Europako segurtasun zuzentaraura esaterako; tunel faltsuak eraiki beharra, ingurumen eta pasaian hobeto integratzeko; Informazio Azterketaren aldaketak; BEZaren igoera etengabea; eta lanak luzatu direlako salneurrien igoera gogorarazi ditu Tapiak, gainkostua justifikatzeko.

Hala ere, “lanak aurrera eramateko kostuak guztiz onargarriak dira”, azpimarratu du sailburuak. Beste garraiobide batzuekin gertatzen ez den bezala, nahiz eta txartelen salmentarekin bakarrik ordaindu, azpiegitura “bideragarria” izango dela erantsi du. “Gizarte osoari onurak ekarriko dizkio”, ziurtatu du Tapiak.

Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek (EAJ eta PSE) eta PPk ongi hartu dituzte Tapiaren azalpenak; Mikel Otero (EH Bildu) eta Iñigo Martinez (Elkarrekin Podemos), ostera, ez dituzte konbentzitu.

'Euskal Y'k ingurumenean izango duen eragina kritikatu dute biek. Gainkostua zein bidaiarien kopurua zalantzan jarri dituzte, “'ad hoc' egindako azterketetan” oinarritzen direlako. 8 milioi bidaiari izango dituela esateak “ez du zentzurik”, Oterok adierazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Albisteak Abiadura Handiko Trena Bidaiak