Ekonomia -
SESTAOKO ONTZIOLA
Herbehereetako armadoreak 'Vox Alexia' finantzatzeko negoziazioak eten ditu bankuekin
Navaleko zuzendaritza enpresa batzordearekin elkartuko da. Halaber, bankuekin batzartzeko asmoa agertu du, egoera bideratzeko.
EITB.EUS
Van Oord Herbehereetako armadoreak bertan behera utzi ditu 'Vox Alexia' ontzia eraikitzeko lanak finantzatzeko bankuekin abiatutako negoziazioak. Gaur egun Sestaoko Naval ontziolak duen enkargu bakarra da.
Antza denez, bankuek ez dute onartu armadoreak egindako eskaintza. Ontziolan dagoen itsasontzia berreskuratu nahian dabil armadorea, baina 42 milioi euro berfinantzatu behar ditu eraikitzen jarraitzeko.
Gaur-gaurkoz, bermeak gauzatzea erabaki dute, eta gerora erabakiko dute negoziatzen jarraitu ala ez.
Bankuekin akordioren bat lortu nahian zebilen armadorea, baina bi aldeen artean orain arte izandako negoziazioek porrot egin dute.
Zuzendaritza enpresa batzordearekin bilduko da gaur, egoera aztertzeko. Horrez gain, bankuekin elkartzeko asmoa ere agertu du, armadorearen eskaintza onar dezatela eskatzeko.